Espainiako Kopako Lleidako proban bigarren egin du Nahia Quincocesek
Kronoesladako proban, berriz, podiumetik kanpora geratu da mendi eskiatzaile mendexarra. Asteburuan Andorran lehiatuko duten Munduko Koparen lehen bi probetan parte hartuko du.
Asteburuan Boi Taullen (Lleida, Herrialde Katalanak) lehiatu den 2020ko Espainiako Koparen bigarren eta azken proban parte hartu du Nahia Quincoces mendi eskiatzaileak. Euskal selekzioagaz aritu da mendexarra, eta bakarkako proban bigarren postua eskuratu zuen zapatuan [urtarrilak 18]. “Asteburu polita izan da. Pozik nago. Kopako lau probatik azken bietan parte hartzeko aukera eduki dut”.
Lasterketa bikaina egin ostean, ordu 1, 34 minutu eta 51 segundotan helmugaratu zen, Marta Garciaren (1.32.16) atzetik. Ana Alonsok (1.35.44) osatu zuen podiuma. “Ana Alonso eta bion artean sekulako lehia egon zen, oso parekatuta ibili ginen. Nire aurretik hasi zuen proba, baina aurrea hartu nion, bigarren postua eskuratuz”.
Domekan [urtarrilak 19], berriz, igoera bertikalean ere parte hartu zuen. 500 metroko igoera eduki zuen ibilbidean ez zuen zorte handirik eduki, eta laugarren postuagaz konformatu behar izan zuen; 27 minutu eta 35 segundo behar izan zituen proba amaitzeko. Aurretik sailkatu ziren Ana Alonso (26.28), Igone Campos (26.42) eta Fatima de Diego (27.06). “Ez nituen oso sentsazio onak eduki. Nekatuta nengoen, eta ez nuen nire onena emateko beste indar eduki”.
Asteburuan, berriz, Andorran lehiatuko duten Munduko Koparen proban ere parte hartuko du. Asmo onenekin doa Andorra aldera, eta egunotan buru-belarri ari da entrenatzen. “Zapatuan [urtarrilak 25], hain zuzen, bakarkako proban ariko naiz, eta domekan [urtarrilak 26], berriz, igoera bertikalean parte hartuko dut”.