Jende asko batu du Munitibarko frontoiaren 60. urteurrena ospatzeko jaialdiak
Partida politak ikusteko aukera eduki zuten bertaratuek. Eskupilota norgehiagokak amaitu ondoren, bertaratuek urdailak asetu eta eztarriak bustitzeko aukera eduki zuten.
Munitibarko frontoiak 60 urte bete dituela eta, pilota jaialdi berezia egin zuten barikuan [urtarrilak 17] Lea Ibarra Pilota Elkartearen ekimenez. Frontoian egindako herri ekitaldi xumeagaz frontoiak herrian duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Antolatzaileek adierazi dutenez, jende asko batu zen herriko eta inguruko pilotariak ikustera. “Harmaila guztiak ez ziren goraino bete, baina jende asko eta giro ona egon zen; batu zen jendea oso gustura geratu zen”.
18:00etan hasi zen pilota jaialdia. Kantxaratzen lehenak herriko umeak izan ziren, eta ondoren, etorkizunekoen txanda izan zen. Iragarrita zegoen partidua jokatu behar zuten guztiek ezin izan zuten parte hartu jaialdian. Enbeita eta Cabello munitibartarrek Beitia lekeitiarraren eta Sainz galdakaoztarraren aurka aritu ziren nor baino nor indartsuago. Azken partidua nagusien mailakoa izan zen. Zugadi eta Albizu munitibartarrak Muniozguren munitibarraren eta Arrizabalaga gernikarraren kontra jokatu zuten.
Partida politak ikusteko aukera eduki zuten bertaratuek, eta ikusleek txalo artean ospatu zituzten pilotariek lortutakoa tanto bakoitza.”Partiden emaitza gutxiengoa izan da. Herriko pilotariez gain, inguruko herrietako taldeetakoek ere parte hartu dute”. Eskupilota norgehiagokak amaitu ondoren, bertaratuek urdailak asetu eta eztarriak bustitzeko aukera eduki zuten. “Jendea 22:00ak bueltara arte geratu zen frontoian”.