Jose Juan Arreitunandia omendu dute Mutrikuko Nazareno Eguneko kontzertuan
Nazareno Eguna aspaldidanik ospatzen da Mutrikun, eta aurten, arrantzaleen zaindariarekin lotutako egunak kutsu berezia eduki du.
Mutrikun urtero egiten duten Nazareno Eguneko kontzertuak kutsu berezia eduki du aurten. Urteurren berezia ospatzeaz gain, aurreko astean zendutako Jose Juan Arreitunandia bandako kidearen senitartekoei omenaldi xumea egin diete. “Urte luzez bandako perkusio jotzaile izan zen. Pisu berezia zuen guretzako. Taldeko sukaldaria zen, eta bandan jotzeari aspaldi utzi bazion ere, musika ez zuen laga. Arreitunandia ere arrantzalea izandakoa zen, eta domekako [urtarrilak 19] kontzertua omenaldi xumea egiteko egokia zela iruditu zitzaigun”.
Hain zuzen ere, aitonaren omenezko oroigarri plaka jaso zuten Arreitunandiaren bilobek, Asier Juaristi bandako kidearen eskutik.
Nazareno Eguna aspaldidanik ospatzen da Mutrikun, eta aurten, arrantzaleen zaindariarekin lotutako egunak kutsu berezia eduki du. “Mutrikuar abestiak kanta izan ezik, urtero errepertorioa aldatzen joaten gara. Mutrikuar abestiak kantua Iñaki Lekubek idatzi zuen. Jaiotzez bilbotarra bazen ere, oso lotura handia zuen Mutrikurekin; haren aita eta emaztea mutrikuarrak ziren, hain zuzen. 1980an Miguel Arrieta Lekeitioko Bandaren zuzendaria zenak, Iñaki Lekubek utzitako paper denak transkribatu zituen banan-banan. Eta, aurten, 40 urte pasa direnean, dokumentu horiek guztiak digitalizatu ditugu”.
Urtero modura, kalejira eta guzti hasi zuten eguna bandako musikariek. 10:45ean Goiko Plazan hasi, eta handik komendurainoko kalejirarekin hasi zuten eguna musikariek. Komentua meza amaitu ondoren, berriro ekin zioten musika jotzeari, eta handik Goiko Plazara abiatu ziren. Kalejira amaitu eta atsedenaldi txiki bat hartu ondoren, 13:00etan hasi zuten urteroko kontzertu berezia Zabiel kultur etxeko ganbaran. Aretoa beste behin ere txiki geratu zen.
Josean Pascualen zuzendaritzapean, bost kantez osatutako errepertario osatua eskaini zuten bandako musikariek. San Sebastian Egunaren bezpera zenez, gainera, San Sebastian martxarekin amaitu zuten kontzertua. “Bazkide berri batzuk ere egin genituen, eta iazko hiru kontzertuekin osatutako CDak banatu genituen”.