Lehen bi sailkatuengandik puntu bakarrera jarri da Aurrera
Garaipen ederra lortu zuen Aurrerak zapatuan [urtarrilak 18] Gernika-Lumon Gernika Bren aurka jokatutako derbian. EƱautek eta Iraitzek sartutako golei esker, 0-2 irabazi zuten ondarrutarrek.
Ibon Lopezen mutilek beste hiru puntu lortu dituzte, eta sailkapen taulan hirugarren postuan jarraitzen baldin badute ere, lehen bi postuetan sendo jarraitzen duten bi taldeen atze-atzetik jarri dira. Hain zuzen ere, Getxo eta Elorrio A taulaburuek baino puntu bat gutxiago dute ondarrutarrek (33 puntu). Gernika B, bestalde, bederatzigarren postuan dago sailkapen orokorrean, 24 puntugaz.
Eladino Gonzalez talde ondarrutarreko presidenteak azpimarratu duenez, partidu bikaina jokatu zuten Gernikaren aurka. “Taldeak oso serio jokatu zuen, eta aurkaria baino gehiago izan zen zelaigunean. Jokoan agindu zuten, eta lehenengo gola sartzea kostatu bazitzaigun ere, gol aukera bat baino gehiago eduki genituen. 14 jardunaldi jarraian galdu gabe daramatzagu, eta horrek konfiantza ematen digu aurrera begira”.
Taldeak hiru puntuak lortu ez bazituen ere, Koldo Zabala talde gernikarreko presidentea pozik agertu da. “Aurrerak sekulako talde gogorra dauka. Aspaldian bertotik igaro den talde onenetarikoa eta sendoenetarikoa da. Gure aldetik, nahikoa partidu kaskarra jokatu genuen, eta Aurrerak merezitako garaipena lortu zuela uste dut”.