Orkatz Beitiak Espainiako errekor berria ezarri du M40 kategorian
7.06 marka lortu du atleta ondarrutarrak Donostiako Anoeta belodromoan lehiatu den pista estaliko 60 metroko lasterketan.
Orkatz Beitia ondarrutarrak Espainiako errekor berria ezarri du 60 metrotan eta M40 kategorian. Joan den zapatuan [urtarrilak 18] Donostiako Anoeta belodromoan lehiatu ziren pista estaliko probetan 7.06 ko denbora egitea lortu zuen, 2012tik Pedro Pablo Nolet asturiarrak zeukan 7.11 denbora hobetuz.
Aurtengo denboraldiko hirugarren lasterketa izan du Beitiak Anoetakoa. Aurretik beste bi lasterketa egin ditu, eta horietan ez zela oso gustura geratu dio. Oraingo zapatuan, aldiz, hobeto aritu zen Ondarroako atleta. «Sasoia hartzen noa apurka-apurka. Pozik eta gustura geratu nintzen, marka polita zen. Hala ere, oraindik 24 urte ditudala pentsatzen dut eta beti nahi izaten dut gehiago».
Orain dela hiru urte Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu zuen Beitiak, eta ordutik lesio bat edo beste izan ditu. Hori dela eta, pare bat urte egon da lehiatu ezinik. Orain dela bi urte eskiotibialetan lesioa eduki zuen, eta azken urtean ziatika dela eta geldituta egon da luzaroan, baina berriro ere norgehiagokan aritzeko gogoz dago. «Urteekin nabaritzen dut lesionatu egiten naizela gorputzak asko abisatu barik. Beti esan ohi dut marka polita egingo dudala ez banaiz lesionatzen, eta, orain ere, lesiorik ez badut izaten egin dudan marka hau hobetu dezakedala uste dut».
Euskadiko Txapelketa. Otsailaren amaierara arte, pista estalian arituko da Durango Kirol Taldeko atleta, talde osoagaz batera. Kluben arteko Euskadiko txapelketa daukate datorren asteburuan Durangon, eta otsailaren erdian absolutu mailako Euskadiko Txapelketa lehiatuko du. «Gorputzak ondo eusten badit parte hartzeko asmoa daukat, ea zelako maila ematen dugun, eta ea gazteei egur pixka bat eman ahal diegun».
Abiadura-lasterkari handia izateagaz gainera, entrenatzaile ere bada Beitia. Durangon eta Ondarroan dihardu atleta gazteei irakasten. Beste atleta batzuk ere nabarmentzen joatea nahiko luke. «Ea gazteak animatzen diren eta nire markak hobetzea lortzen duten».