Ondarroako gizonezkoen traineruak bigarren egin du Portugaleteko jaitsieran
Isuntzako traineruak ere ondo moldatu dira VIII. San Nikolas traineru jaitsieran. Gizonezkoetan laugarren eta seigarren amaitu dute, eta emakumeetan laugarren amaitu dute lehia. Mutrikuko traineruak, berriz, 16. egin du.
Denboraldi-aurreko lehenengo estropada lehiatu dute asteburuan Portugaleten. Domekan [urtarrilak 19], zehatz esanda, VIII. San Nikolas traineru jaitsieran parte hartu zuten Ondarroako, Lekeitioko eta Mutrikuko arraunlariek. Denetara, bertoko bost traineruk parte hartu zuten norgehiagokan.
Nagusi mailako gizonezkoen kategoriagoari dagokionez, bertoko ordezkarien artean Ondarroako traineruak lortu zuen emaitzarik onena. Ondarrutarrek estropada bikaina egin zuten, eta bigarren amaitu zuten sailkapenean, Zierbena Aren atzetik. Parte hartzaileek Galindo errekako bokaletik irten zuten txandaka, minutuero, eta Portugaleteko Gran Hotel Puente Colgante pareraino 5.500 metro egin behar izan zituzten arraunean. Tartean, ziaboga bakarra egin zuten, Nautika Eskolaren parean.
Ondarrutarrek 18 minutu 51 segundo eta 20 ehuneneko behar izan zuten proba amiatzeko; Zierbena A probako irabazleak baino ia 7 segundo gehiago. Isuntza ere ondo moldatu zen Portugaleteko jaitsieran. Isuntza B traineruak laugarren amaitu zuen proba (19.15,4) eta Isuntza A traineruak seigarren (19.21,1). Mutrikuko gizonezko nagusien traineruak berriz, 16. postuan amaitu zuen estropada (20.20,4). Nagusi mailako gizonezkoetan ez eze, emakumeetan ere uretaratu zuten traineru bat lekeitiarrek. Isuntzak laugarren amaitu nuen proba (15.20,9)
Portugaleteko bandera etxera ekartzea lortu ez badute ere, urteari hasiera bikaina eman diotela azpimarratu du Koldo Azpiazu elkarteko presidenteak. “Urteko lehenengo estropada izateko emaitza oso polita lortu genuen. Arraunkada nahikoa motzak eman genituen, eta egia esan, ez genuen horrelako emaitza ona lortzea espero. Denbora ikusi genuen, oso gustura geratu ginen”.
Azpiazuk gaineratu duenez, azken urteotan oso emaitza onak lortu dituzte San Nikolas traineru jaitsieran. “Duela bi urte estropadako onenak izan ginen, eta iaz ere bigarren amaitu genuen. Azken hiru urteotan aurreko postuetan ibili gara”.
Denboraldi-aurrea ondo hastea garrantzitsua dela dio presidenteak. “Aurten hainbat baja eduki ditugu, eta nahikoa egoera zailean egon gara. Lehenengo estropadan emaitza ona edukitzeak aurrera begira sekulako indarra eta kemena ematen digu; gogo gehiagogaz jarraituko dugu lanean”.