Patronalaren proposamena onartzen duten erabakiko dute Bizkaiko kiroldegietako langileek
Kutxa ibiltaria egongo da eguaztenean Ondarroan bozketa egiteko eta finkoa jarriko dute eguenean Markina-Xemeinen. Proposamena erabaki bitartean Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiko beharginek aste honetarako deituta zeukaten greba etetea erabaki dute.

Bizkaiko kirodelgietako langileen baldintzak eguneratzeko negoziaketek aurrera jarraitzen dute. Patronalak beste proposamen bat aurkeztu du, eta UGTk, LABek eta CCOOk bertan behera utzi dute Bizkaiko kiroldegietan eta kirol zentroetan datorren asterako iragarritako greba, patronalak langileei egindako azken proposamena aztertu bitartean. ELAk, berriz, mobilizazioekin jarraitzea erabaki du, enpresek emandako plataformak sektorearentzat funtsezkoak diren hainbat aldarrikapen jasotzen ez direla uste duelako. Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiko beharginek aste honetarako deituta zeukaten greba etetea erabaki dute.
Jakitera eman dutenez, aste honetan patronalaren proposamena onartzen duten edo ez galdetuko dute sektoreko beharginen artean kiroldegiz kiroldegi. Gaur informazioa banatuko dute, bihar sei kutxa ibiltari eramango dira zentroz zentro bozkatzeko, eta eguenean, ordea, urna finkoak egongo dira bost kiroldegitan, tartean Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Biharko bozketetarako batera eta bestera ibiliko diren urna ibiltarien toki eta orduak zehaztu dituzte. Lea-Artibairi dagokionez kutxa ibiltaria 15:30etik 16:00etara egongo da Ondarroan. Eguenean, ostera, urna finkoak beharginen eskura egongo dira 10:00etatik 20:00ak arte.
Beharginek erabakitzen dutenaren arabera jakingo da barikuan [urtarrilak 24] mobilizazioekin jarraituko duten edo ez. Sindikatuek hautetsontzietara hurbildu eta euren lan baldintzen inguruko erabakia hartzera deitu dituzte kiroldegi eta kirol zentroetako langileak.