Txomin Solabarrieta ondarrutarra omenduko du Euskaltzaindiak
Ekitaldia urtarrilaren 31n egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Solabarrietagaz batera iaz hildako euskaltzainak omenduko dituzte.
Euskaltzaindiak jakitera eman duenez, urtarrileko lehen Osoko bilkura egiteagaz batera, 2019an hildako euskaltzainak omendu nahi du. “Ohiturari jarraituz, iaz zendutako Txomin Solabarrieta, Jon Lopategi, Alan Roy King eta Angel Aintziburu omenduko ditu Akademiak Donostian, urtarrilaren 31n”.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Ageriko bilkuran lau euskaltzainen hilberri-txostenak irakurriko dituztela iragarriko dute. “Xabier Amuriza ohorezko euskaltzainak irakurriko du Jon Lopategiren hilberri-txostena; Miren Azkarate euskaltzain osoak Alan Roy King-ena; Xipri Arbelbide ohorezkoak Angel Aintzibururena; eta, azkenik, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak aletuko du Txomin Solabarrietaren biografia”. Ekitaldia gainera, Peio Ospitalek girotuko du, hiru kantu ezagun abestuz: Arnasak gurutzatuz; Zu eta ni; eta Bake-mina.
Txomin Solabarrieta Etxaburu apaiza eta ohorezko euskaltzaina 2019ko apirilaren 18an hil zen Bilbon, 91 urte zituela. 1927an jaio zen Ondarroan, eta 14 urtegaz seminarioan sartu zen. Oso euskarazalea izan zen Solabarrieta, eta ordu asko eskaini zizkion euskara bultzatzeari. Besteak beste, elizbarrutiko itzultzaile ofiziala izan zen, eta Bizkaiko hainbat parrokiatan jardun zuen inguruko alfabetatze eta euskalduntzea suspertuz eta dantza edo antzerki taldeak martxan jarriz.
Bostak Bat lantaldearen sorreran ere parte hartu zuen 1981ean, eta hiztegiak prestatzeko ardura ere bazuen. Euskaldunek euskaraz jarduteko hiztegi mailan zeuzkaten hutsuneak atzeman, eta Adorez hiztegi sorta ere abiatu zuen. Denetara, hamabost hiztegiren argitalpenean ere parte hartu zuen. Lanen artean Sinonimoen hiztegia (Elkarlanean, 1984), Adorez hiztegiak: euskara-gaztelania = castellano-vasco (Elkarlanean, 2009) eta Eskola hiztegia: oinarrizko hiztegia (Elkarlanean, 2013) dira aipagarrienak
2011n Urrezko Luma saria eman zioten, eta 2018kio apirilaren 27an, berriz, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Euskaltzaindiaren arabera, aparteko lana egin zuen ondarrutarrrak itsas munduko lexikoa taxutzen, sinonimoak aukeratzen nahiz egokitzen, eta, batez ere, Aditz Hiztegirako milaka esaldi prestatzen.