Ezkurdia eta Martijarentzat izan da Markina-Xemeingo puntua
Frontoi bete jendek jarraitu du Unin jokatu den EPELen Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia. Emozioa izan da nagusi amaierara arte.
Emozioa azkenera arte mantendu da gaur [urtarrilak 25] Markina-Xemeinen. Partida orekatua eskaini dute Ezkurdia-Martija eta Jaka-Zabaleta bikoteek. Orokorrean lau pilotariek partida oso ona egin dute, eta argi utzi dute ez zutela nahi puntuek ihes egiterik. Frontoi bete jendek jarraitu du Unin jokatu den EPELen Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia, eta ez da falta izan animorik ez eta txalorik ere. Liderrei irabazita, puntu garrantzitsua eskuratu dute Ezkurdiak eta Martijak.
Joan-etorriko partidua izan da. Bikote bakoitzak bere pilotak baliatu ditu aurkariari min egiteko. Martija eta Zabaleta agintea txandakatzen joan dira atzean. Martijak bereziki partida ikusgarria egin du, txapelketan orain artean egin duen onena. Ziur egon da atzean, eta pilota gaitzak atera ditu, horietako bi 11 eta erditik. Aurrean, tanto onak egin dituzte Jakak eta Ezkurdiak, airez gehienak. 5-5, 11-11, 17-17… Txokoan egindako dejadagaz jarri du 19ko berdinketa markagailuan Ezkurdiak, eta Jakak txapara bota ditu azken pilotak, tantoak azkar amaitu nahian.
22-19 amaitu da partidua.
Gaurko norgehiagokaren ondoren, Jakak eta Zabaletak sailkapenaren buruan jarraitzen dute 8 puntugaz, Ezkurdiak eta Martijak, berriz, 6 puntu dituzte orain (asteburuko partiduak irabazita, 6 puntugaz daude baita ere Artola-Imaz, Altuna-Galarza eta Laso-Albisu) , eta finalaurrekoetako bigarren posturako borrokatu ahal izateko moduan jarraitzen dute. 4 puntugaz daude Irribarria-Rezusta, 3 puntugaz Olaizola II-Urrutikoetxea eta puntu bakarragaz, Bengoetxea VI- Mariezkurrena.
Partidarik onena. Gaur txapelketako partidarik onena jokatu duela aitortu du Martijak norgehiagokaren amaieran. “Oso gustura sentitu naiz hasieratik, asko gozatzen, eta egia da puntua eramanda pozik gaudela”. Finalaurrekoetarako zuzenean sailkatzea zail dagoela ere aitortu du Etxeberriko atzelariak, baina aukerarik ez dute galduko. “Oso estu dago dena, baina horrela jokatuta ea zorte ona izaten dugun”.
Zabaleta, aldiz oso deseroso sentitu da gaur, Martijak partida bikaina egin duela esan du, eurek, ordea, ez dutela egunik onena izan. “Azkenean pilotak bakarrik botea zeukan, eta ondo moldatu dena Martija izan da. Guk ez dugu gure eguna izan. Borrokatu dugu, baina ezin izan dugu gaurkoarekin”.
Orain beste punturen bat ateratzen saiatu behar direla gaineratu du, lehen edo bigarren postu horretan gelditzeko. “Zortzi puntu asko dira txapelketa hau aurrera egiteko, eta ea beste puntutxoren bategaz sailkapena ziurtatu dezakegun”.
Gaur lehenengo eguna izan da Unin jokatzen zuela, eta giro ona egon dela begitandu zaio. “Jende pila bat egon da, eta tanto on guztiak txalotu dituzte”.
EPELen binakako txapelketako partidagaz gainera, Arretxe II-Larunbe eta Agirre-Aretxabaleta bikoteen arteko norgehiagoka jokatu da lehendabizi. Partidak etenaldi bi izan ditu, Larunbe aldageletara joan behar izan da-eta eskuko minez. Hala ere, kantxara itzuli, eta partida amaitzea lortu du. Garaipena eskuratu dute, gainera. 22-15 nagusitu dira Arretxe II.a eta Larunbe.
Omenaldia. EPELen partidua Markina-Xemeinen egonda, Leire Etxaniz Etxebarriko pilotaria omentzeko aukera paregabea iruditu zaio Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeari. “Hainbeste garaipen lortu ditu, eta momentu egokia iruditu zaigu aitorpena egiteko”. Horrela, txapelketako partida hasi orduko, kantxara irten da esku pilota taldeko umeek egin dioten pasillotik. Oroigarria eman diote, eta partiduko txapa botatzearen ardura berea izan da.
Omenaldiaren aurretik, ohiko kamiseten zozketa egin dute. 612 zenbakiarentzat izan da Ezkurdiaren kamiseta; 767arentzat Jakarena; 487arentzat Aretxabaletarena eta 648arentzat, Urrutikoetxearena.