Kobaren zaldiak irabazi du Aulestiko Narea auzoko zaldi dema
Aulesti eta inguruetako jende ugari batu da San Bizente jaiak ospatu asmoz. Ikusmina eragin du herriko probalari biren zaldien arteko norgehiagokak.
Giro ona izan da gaur [urtarrilak 25] nagusi Aulestiko Narea auzoan. Aulesti eta inguruetako jende ugari batu da San Bizente jaiak ospatu asmoz. Mezagaz hasi dute eguna, eta ondoren, umeen jolasak egon dira. Txiki, gaztetxo eta gazteak hiru taldetan banatuta altxorraren bila ibili dira auzoan zehar, eta gozokiak eduki dituzte sari modura parte hartzeagatik.
Eguerdirako txosna ingurua jendez bete egon da. Izan ere, ikusmin handia eragin du eguerdiko zaldi demak. Herriko probalari biren artean izan da lehia. 650 kiloko auzoko harria eraman dute animaliek 80 kiloko gainkargagaz, eta 20 minutuko proba egin du bakoitzak. Plazara ateratzen lehenengoa Ibekohondoren Rayo zaldia izan da. Karretero modura jardun dute, hari laguntzen, Josu Madariagak eta Iñaki Urberuagak. Rayok marka ederra egitea lortu du. 15. minutuan 54 untze zeramatzan, eta 73 untze metro bat eta 50 zentimetro eginez amaitu du proba.
Kobaren Goku zaldia atera da ondoren. Proba egiten hasi orduko harria berriro prestatu behar izan dute, karga mugitu egin da-eta lehen proban. Eta dena bere lekuan jarrita eman diote hasiera bigarren neurketari. Joselu Idoeta eta Jonathan Txertudi izan dira karreteroak.
Indartsu hasi da Goku, eta 15. minutua bete orduko, plaza bateko abantaila lortu du. Horrela eutsi dute amaierara arte, eta azkenean, Kobaren zaldiak irabazi du Nareako San Bizente jaietako manta, 75 untze zehatzeko marka eginda.
Proba amaitu eta berehala banatu dituzte sariak. Izaro Aranburu herriko atleta izan da sariak banatzearen arduraduna.
Arratsaldeko mus eta briska txapelketagaz amaituko dituzte jaiak. 17:00etan hasiko da jokoa. Briska txapelketa bikoteka barik hirunaka jokatzen dute Narean.