Dokuweb aurkezpen ekitaldi arrakastatsua egin du Bizipozak Ondarroan
Arnasako ordezkariek agertu dutenez, sekulako erantzun ona eduki du aurkezpenak. Ekitaldia, gainera, boluntario sarea handitzeko ere baliatu dute.
Hiriburu nagusietan aurkezpen ekitaldiak egin ostean, Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa zen den eta esku artean dituzten ekimenak ezagutara emateko aurkezpena egin zuten domekan [urtarrilak 26] Ondarroako Beikozini aretoan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jende asko batu zen aretoan. “Ekitaldia oso hunkigarria izan zen. Sekulako erantzun ona jaso zuen aurkezpenak”.
Ekitaldiari hasiera Artakako gaztetxoek eman zioten. Eta oihaletan dantzan ari zirenei Keu Agirretxeak ipini zien doinua. Bukaeran, Artakakoek lore eskaintza egin zieten ekitaldian batu ziren ordezkari eta agintariei. Jarraian, ekitaldia aurkezteari ekin zioten Anabel Arraizak eta Ugaitz Alegriak. Besteak beste, Bizipoza egitasmoa zer den, ekitaldia zertan datzan… azaldu zieten bertaratu ziren guztiei.
Iragarri modura, Lea-Artibain eta Mutrikun aritzen diren Arnasa, Naizen eta Gehitu elkarteen mikro dokumentalak proiektatu zituzten, “Ondarroan badagoelako hiru elkarte horietako presentzia”. Arnasa eta Gehitu elkarteetako ordezkariek ere euren mezua zabaldu eta berba batzuk esateko aukera ere eduki zuten. Irati Bidegain Gehituko langileak Ramon San Sebastian Gehituko presidentearen gutuna irakurri zuen. Noemi Uribek, berriz, Arnasaren izenean hartu zuen hitza.”Naizeneko ordezkaritzak ezin izan zuten etorri. Beste sari banaketa bat zeukaten eta”.
Hiru dokuwebak proiektatu ondoren, proiekzio bakoitzari buruzko bertso bana abestu zuten Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia bertsolariek. Kirolarien txanda ere ailegatu zen. Inhar Urruzuno harrijasotzaileak 125 kiloko harriari hamar jasoaldi eman zizkion. Arraunlariek, ostean, Urruzunok egindakoa berdintzen saiatu ziren. “Lauren artean jaso zuten harria. Ekintza horregaz elkartasuna adierazi nahi izan zuten arraunlariek. Arazo eta oztopoei bakarrik aurre egin beharrean, taldean, laguntzagaz, posible dela argi utzi nahi izan zuten”.
Bizipoza egitasmoaren ezaugarriak laburbiltzen dituen dokumental luzeagoa ere proiektatu zuten jarraian, eta aurretik irudiak proiektatu bakoitzean egin modura, bertsolariek bertsotan egin zuten. Herri eta Bixi ere agertu ziren publikoaren artetik, bertan batu zirenen barre algara bat baino gehiago eraginez. “Umorez betetako oso esketx polita eskaini zuten”. Bien bitartean, Asisko Urmeneta ilustratzailea ekitaldian gertatu zen guztia marrazkietan jasotzen joan zen, eta amaieran, oholtzara atera zuen hiru zatitan banatutako hormairudia.
Ekitaldia, gainera, Bizipozako boluntario berriak erakartzeko baliatu zuten. Lehendabizi, boluntario kanpainako bideoa proiektatu zuten, eta ekitaldia amaitu ondoren, boluntarioak izena ematen hasi ziren. Arnasako kideek adierazi dutenez, boluntario asko egin zituzten. “Ez daukagu datu zehatzik, baina Anabel Arraiza oso pozik geratu zen. Harrituta geratu ziren Ondarroan jaso zuten erantzunagatik”.
Arnasakoek balorazio oso positiboa egin dute. “Boluntario asko lortu ziren, eta jendeak ere ondo erantzun zuen. Gu pozik eta eskertuta gaude. Bizipoza egitasmoak boluntarioen laguntzari esker funtzionatzen du, eta boluntario sare indartsu bat sortzen baldin bada, aurrera joateko ondo etorriko da”.