Lea-Artibai Amankomunazgoaren orientazio psikologikoko zerbitzuak 43 erabiltzaile eduki ditu
Haurtzaroari buruzko 28 kontsulta eta nerabezaroari buruzko 15 eduki dituzte. 2005 urtetik dago martxan zerbitzua. Gogoratu dutenez, seme-alaben heziketagaz lotutako edozein zalantza edota galderak argitzeko jarri daitezke zerbitzuagaz harremanetan guraso edo familiak.
Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten udalerrietako gurasoek seme-alaben heziketan dituzten kezka eta galderak argitzeko orientazio psikologiko zerbitzua daukate eskura 2005etik. Zerbitzu horrek 2019 urtean 43 erabiltzaile eduki dituela jakitera eman du Amankomungazgoak, eta kontsultatu diren gai gehienak haurtzaro eta nerabezaroaren ingurukoak izan direla zehaztu dute.
2018gaz alderatuta, kontsultek beherantz egin dutela azaldu dute. Hala ere, aurreko urteetan bezala, haurtzaroari buruzko kontsultak gehiago izan dira nerabezaroari erreferentzia egiten diotenak baino. Hain zuzen ere, haurtzaroari buruzko 28 kontsulta eduki dituzte, eta nerabezaroari buruzko 15 kontsulta. Haurtzaroari dagokionez, arauak eta mugak, portaera arazoak, frustrazioa edota lo egiteko arazoen gainekoak izan dira kezkak batez ere; nerabezaroari lotutako zalantzak komunikazio arazo, kontsumo eta teknologia berrien erabilerari buruzkoak izan dira batez ere.
Jasotako 43 kontsultetatik 30 amek burututakoak izan direla ere nabarmendu dute (%69,8): “Hiru kontsulta aitek egindakoak izan dira (%6,9), eta aita eta amek modu bateratuan egindako kontsultak ere egon dira, zehazki 10 (%23,3)”.
Hiru ordu astero. Amankomunazgoak gogora ekarri duenez, Familientzako Arreta Zerbitzua telefonoz, posta elektronikoz edo posta arruntaren bidez ematen dute, eta seme-alaben heziketarekin lotutako edozein zalantza edota galderak argitzeko jar daitezke zerbitzuarekin harremanetan guraso edo familiak. “Astero, eguaztenetan, 3 orduko arreta zerbitzua eskaintzen zaie Amankomunazgoa osatzen duten 0-18 urte bitarteko seme-alaben guraso guztiei, 11.30etik 13.00etara eta 16.00etatik 17.30era”.
2019an, kontsultak egiteko, posta elektronikoa aukeratu dute batez ere erabiltzaileek. %58,1ak aukeratu du bide hori. Telefono bidezko kontsultak, berriz, %41,9 izan dira, eta posta arruntez ez du inork kontsultarik egin. Herriari dagokionez, Ondarroatik jaso dira kontsulta gehien: %65,1. Lekeitioko (%23,3) eta Markina-Xemeingo (%11,6) kontsulta kopurua mantendu egin da.
“Zerbitzu hau garrantzitsua da gurasoentzat, prebentzio lanean eta gurasoen hezitze lanetan laguntzen baitu. Era horretan, gurasoek, seme-alaben hazkuntzan heziketarako estrategia gehiago izan dezaten bultzatzen da, doako zerbitzu profesional eta konfidentziala eskainiz”, diote Amankomunazgotik. Gainera, guraso eta familiekin aurretiazko lana egiteak, babesgabetasun arrisku egoerak edota ahultasun egoerak ekiditeko edota gutxienez gutxitzeko balio duela azpimarratu dute.
Etxadi Zentroaren bidez eskaintzen du Amankomunazgoak Familientzako orientazio psikologiko zerbitzua. Horiekin harremanetan jartzeko 94-405 15 49 telefono zenbakira deitu, Etxadiren webgunera posta elektronikoa idatzi edo gutuna bidali daiteke ondorengo helbidera: Etxadi, Maximo Agirre 18 bis, 5. 48001 Bilbo. Zerbitzua doakoa izateaz gainera, isilpekoa eta pertsonalizatua da.