Francisco Javier Zafra eta Rita Manzisidor dira 'Mutrikun Erosi eta On Egin' kanpainaren zozketaren saridunak
Bizikleta elektriko bana jaso dute. Mutrikuko Udalak herriko merkataritza indartzen eta eusten laguntzeko helburuarekin egin du 'Mutrikun Erosi eta On Egin' marketin kanpaina.
Mutrikun Erosi eta On Egin marketin kanpaina egin dute bi hilabetez, eta bere baitako zozketaren saridunei bizikleta elektronikoak banatu dizkiete. Urtarrilaren 10ean Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan atera zituzten zenbaki saridunak (42.063 eta 21.205), eta Francisco Javier Zafra Carrion eta Rita Manzisidor Galdos izan dira sarituak.
Orbea Keram bizikleta jaso du Zafrak, abenduaren 14an Lasuen Elezgarai Botikan egindako erosketa batean jasotako txartelari esker. Manzisidorrek, aldiz, Orbea Katu bizikleta eskuratu du, azaroaren 28an Soul arropa dendan eginiko erosketa batetan jasotako txartelarengatik. Mutrikuko Udalak mugikortasun iraunkorrago baten beharra ere aldarrikatu asmoz aukeratu ditu bizikleta elektrikoak sari bezala.
Udalak argi dauka era horretako ekimenek herriko merkataritza indartzen eta eusten laguntzen dutela. “Beharrezkoa ikusten da herriko merkataritzari laguntzen jarraitzea, Mutriku herri bizia delako eta gerora ere honela izatea nahi dugulako”.
Zozketaren egunean jakinarazi zutenez, 52 establezimenduk parte hartu dute, eta inprimatutako txartelen ia %80a banatu zituzten kanpainak iraundako bi hilabeteetan. Hain zuzen, kanpainak herritarrengan izandako “oihartzuna handia” izan dela azpimarratu dute, eta antolaketarako udalaren eta establezimenduen arteko elkarlana eta koordinaketa, ona. Parte hartu duten establezimenduen iritziak eta ekarpenak jasotako egingo dute kanpainaren balorazioa.
Azaroaren 9tik urtarrilaren 6a arte egin dute herriko merkataritza txikia sustatzeko beharra oinarri eduki duen kanpaina. Udaleko Ekonomia Garapen Sailaren lan ildoen barruan dago helburu hori, eta saridunak zoriontzeaz gain, herrian erostean guztiek irabazten dutela gogora ekarri dute. “Mutrikun erosi eta on egin! leloa aukeratu zen kanpainarako: On egin Mutrikuri, etorkizunari, lanpostuak sortzeari, ingurumenari eta nork bere buruari. Izan ere, herrian erostearekin, guztiok irabazten dugu”.