14 bikotek lehiatuko dute Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketa
Urtarrilaren 26an jokatu zuten ligaxkaren lehen jardunaldia, eta domeka honetan egingo dute bigarrena.
Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketa abian da, eta 14 bikotek parte hartuko dute.
“Giro politagaz”, aurreko domekan [urtarrilak 26] hasi zuten txapelketa eta domeka honetan [otsailak 2] lehiatuko dute ligaxkaren bigarren jardunaldia, 16:00etatik aurrera. Lehen jardunaldian sei partidu jokatu zituzten, eta bigarrenean, bost izango dira, eguaztenean [otsailak 5] partidu bakarra lehiatuko dute, 20:30ean.
Aurreko urteetan, Emakumezkoen Nazioarteko Egunaren harira, egun erdiko txapelketa azkarrak egin dituzte, eta aurten, jauzia ematea erabaki dute. Hartutako erabakiagaz pozik daude, jendearen erantzuna aparta izan delako: “Ez genuen espero. Jende asko batu zen Miruaitzen, adin guztietako jendea, gainera. Txapelketaren hasiera oso polita izan da”.
Aurten hamalau bikote edukita, “jarraikortasuna ematea” lortu dutela gaineratu dute Mutrikuko Emakume Palistak elkartearen kideek. Zehaztu dutenez, mutrikuarrak, debarrak, berriaturrak, elgoibartarrak, hernaniarrak eta gasteiztarrak parte hartzeko ari dira. Jokatu ez ezik, epaile lanak eta markagailuaren arduradunak ere badira palistak: “Jokatu ondoren, hurrengo partiduetan aritzen dira lan horietan”.
Finala, martxoaren 8an. Otsailaren 16an jokatuko dituzte ligaxkaren azken partiduak. Final-laurdenak otsailaren 23an izango dira, eta finalaurrekoak otsailaren 28an eta 29an. Finala, aldiz, martxoaren 8an jokatuko dute.
Ikastaroa. Bestalde, ikasturte honetan ere, Miruaitzen pala ikastaroa ematen ari direla gogora ekarri dute. Irailean hasita, eta ekainera arte, eguaztenero 20:30etik 22:30era eskaintzen dute. “Iratxe Benito da irakaslea, eta berak hartu du txapelketaren ardura nagusia. Guretzat lehen aldia da halako txapelketa antolatzen gabiltzana, eta asko laguntzen ari da. Bere apopiloak gara”.