Bertso kabareta, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak prest dauka urtarrileko bertso saio berezia. Bederatzi bertsolari aterako dira aurten jendeaurrera. 1920ko hamarkadara egingo dute jauzia.
100 urtera arteko atzera jauzia emango du zapatuan [otsailak 1] Akerbeltz gaztetxeak, eta 1920ko hamarkadako kabaret bihurtuko da Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak urtarrilero antolatzen duen bertso saio berezirako. Aker-Rouge Bertso Kabareta egingo dute. 20ko hamarkada zoriontsuaren erotasun, poztasun eta fribolitate garaia oroitu eta gaur egunekoagaz alderatuko dute, bertsoz bertso, gizartea zertan aldatu den ikusteko.
Bederatzi gonbidatu berezi izango ditu aurtengo saioak, guztiak Lea-Artibaiko bertsolariak: Eneko Arrate Sololuze, Joseba Sololuze Urizarbarrena, Josune Aramendi Perez, Nahia Ibarzabal Gisasola eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak, Lander Ibarluzea Bikandi Aitxulua etxebarritarra, Sara Asenjo Arrien aulestiarra eta Aissa Intxausti Aburruza eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak. Ia denak beteranoak dira Akerbeltz gaztetxeko jaialdiko oholtzan; bada, baina, estreinako aldiz egongo denik: Asenjo.
Bertsolariak hiruko taldeetan banatuko dituztela jakitera eman dute gazte asanbladakoek, baina egin beharko duten lanaren berri ez dute aurreratu nahi izan, inprobisazioari bidea emateko. Hori bai, urtero modura, aurtengo gaiari lotutako egiteko bat ezarriko diote talde bakoitzari, eta, beraz, antzezle lan apurra ere egin beharko dute bertsolariek, dagozkien pertsonaiak interpretatzeko. Biharko saioan jarriko da agerian bakoitzak zein egiteko bete beharko duen, publikoarentzat esuztekoa izatea nahi dute eta.
Bi aurkezle ere izango ditu Aker-Rougek, eta horiek arduratuko dira saioa girotu eta publikoa gaian murgilduarazten. Saiora doan ikuslegoa ere garai hartako arropak jantzi edota sasoi hura irudikatzen duen zer edo zer eramatera gonbidatu dute, eurak ere jaialdiaren parte izateko.
Eszenografia prest. Aurten ere irudimenik ez zaio falta izan Markina-Xemeingo Gazte Asanbladari. Mimo guztiagaz zaindutako saioa eskaini nahi dute, eta ilusioz ibili dira lanean. Joan den astean hasi ziren gaztetxea apaintzen, eta aste honetan ere egunero batu dira ezsenografia ikusgarri bat prestatu asmoz. Apainketa, gidoia, arropak… Asko dago egiteko, eta, zorionez, askoren artean egiten dute. MGAkoek esker onez azaldu dutenez, herriko gazte eta bertsozaleak ere joan dira laguntzera.
Bertso saioagaz gain, afaria egoten da urtero aurretik, hori ere MGAren kontura, eta joan den asteko astelehenetik afariko txartel bat bera ere ez dela gelditzen jakitera eman dute. Akerbeltz gaztetxeko bertso saioa urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa da askorentzat, eta afaltzera joaten direnek bermatuta daukate saiorako lekua. Gainera, giro atsegina izaten da beti nagusi, eta jendeak ez du galdu nahi izaten. Horrela, egun gutxitan amaitu ziren Buztarri eta Patxua tabernetan salgai jarri zituzten afariko txartelak. 100 saldu dira guztira.
Hala ere, bakarrik saiora joateko aukera ere badago. 21:30etik aurrera, eta 3 euroren truke, Aker-Rouge Bertso Kabaretagaz gozatzeko aukera edukiko du nahi duenak. Afariko ordua 20:30ean izango da, eta bertso kabaret ikuskizuna 22:00etan hasiko da.
Gauari amaiera biribila emateko, gainera, DJ Bull ariko da ondoren, musika jartzen. Beraz, animazioak jarraipena izango du 02:00etatik aurrera.