Lekeitioko alkate eta lehen alkate ordeak euren lanetan zeukaten soldata bera kobratuko dute
EAJk eta EH Bilduk 2019ko azken osoko bilkuran eman diote onespena erabaki horri, aho batez. 2020ko urtarrilaren 1tik aurrera hasi dira irizpidea aplikatzen.
Lekeitioko alkate eta lehen alkate-ordearen soldatak jartzeko irizpideak onartu ditu Lekeitioko udalbatzak. Soldata zehazteko, jatorrizko lanpostuaren soldata oinarritzat hartzea erabaki dute, urtero jatorrizko lanpostuan emango diren eguneratzeak aplikatuz. 2019ko azken osoko bilkuran eman zioten onespena erabaki horri, EAJk eta EH Bilduk, aho batez, eta 2020ko urtarrilaren 1tik aurrera hasi dira aplikatzen.
Alkateak Lekeitioko Udalean %50ko liberazioa eta alkate-ordeak %100koa izango dute. Izan ere, Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea Lea Artibai Amankomunazgoko lehendakari izendatu dute, eta bere jardunaren beste erdia bertan egingo du. Horrela, alkateak Lekeitioko Udalean duen %50ko liberazioaren urteko ordainsaria 26.375,5 eurokoa izango da. Alkate-ordearen ordainsaria, berriz, %100ko liberazioagatik, gaur egun, bere jatorrizko lanean jasoko zuena izango da: 56.437,49 euro urteko.
Jakinarazi dutenez, Udalbatza Osoak 2019ko uztailaren 2an gai honi buruz hartutako erabakia ez da aplikatu, bai alkateak zein alkate-ordeak aurreko agintaldian kobratzen zutena kobratzen jarraitu dute, alde batetik, Amankomunazgoaren lehendakaritzari buruzko ideia bazeukatelako.
Alderdien eta zinegotzien ordain sariak. Alkatearen eta alkate ordearen soldatak finkatzeaz gain, alderdi politiko bakoitzak jasoko dituen diru laguntzak eta zinegotzi bakoitzak batzorde informatzaile, tokiko gobernu batzorde eta osoko bilkuretara joategatik jasoko dituzten dietak ere zehaztu dituzte. Adostu dutenez, batzarretara doazenak jasoko dituzte dietak bakarrik, eta asistentzia derrigorrezkoa izango da. 2019ko uztailaren 2an egin zuten agintaldi berriko lehen osoko bilkuran zehaztutako zenbateko bera izango da. Guztira batzorde buruek 71,60 euro hartuko dituzte saio bakoitzeko eta gainontzeko zinegotziek 59,66 euro saioko. Kontsumoko Prezioen Indizea gehitzen joango zaie.
Talde politikoentzako diru esleipenak zinegotziko izango dira. Hori ere aurreko agintaldian jarritako zenbateko bera izango da, eta KPIaren arabera igotzen joango dira.