Martxan dago Lekeitioko aratusteak iragartzeko kartel lehiaketa
Irabazleak 200 euroko saria eramango du. Lanak otsailaren 6ko 21:00ak arte aurkeztu ahal dira kultur etxean.
Lekeitioko Jai Batzordeak aratusteetako kartel lehiaketa antolatu dute aurten ere. Nahi duen guztiak parte hartu dezake, eta irabazleak 200 euroko saria eramango du.
Kartelak izan behar dituen baldintzei dagokionez, derrigorrez hurrengo testua eduki behar duela zehaztu dute: Aratusteak 2020, Lekeitio, otsailaren 22tik martxoaren 14ra. Horrez gain, Lekeitioko Aratusteei lotutako berezitasunen bat agertu beharko da. Bestalde, kartela edozein teknika erabilita egin ahalko da.
Jakitera eman dutenez, kartelak kultur etxean aurkeztu behar dira astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara edo 15:00etatik 21:00etara. Azken eguna otsailaren 6a izango da, 21:00ak arte.
Aurkezteko modua: kartelak euskarri digitalean aurkeztuko dira, egilearen daturik barik. Artxibo digitala, PDF, JPG edota PSDan izango dira, DIN A-3 tamainan eta gutxienez 225ppp-ko bereizmenagaz. Kartelak CD baten eraman beharko dira, eta esaeraren izenburua jarriko da. DCarekin batera gutunazal bat aurkeztu beharko da: kanpoko aldean kartelaren lelo edo esaera idatziko da, eta barruko aldean egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia…). Egileek nahi beste kartel aurkez ditzakete, baina kartel bakoitzak bere lelo edo esaera propioa izango du.
Azaldu dutenez, otsailaren 11n jakitera emango dute zein izan den irabazlea bai eta saria hartzeko eguna eta tokia. Lekeitioko Udalaren Facebook-ean, kultur etxeko iragarkien taulan eta komunikabideetan emango dute horren barri.
Irudi edo hizkuntza sexistarik, emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarrituriko aurrejuzgu, jarduera, esaera eta irudirik eta norbanakoen osotasuna laidotzen duten, edota homofobia edo xenofobia sustatzen duen kartelik ez dutela onartuko azpimarratu dute.