Ondarroako eta Lekeitioko arraun elkarteek ordezkaritza zabalagaz hasiko dute Bizkaiko Batel Liga
Zapatu arratsaldean hasiko dute Bizkaiko Batel Liga, Sestaon. Ondarroatik 21 batelek eta Lekeitiotik 16k parte hartuko dute. Bestalde, gipuzkoarrek bigarren eta hirugarren jardunaldiak lehiatuko dituzte.
Isuntza Arraun Elkartearen eta Ondarroa Arraun Elkartearen partaideak prest daude asteburu honetan Bizkaiko Batel Ligari ekiteko.
Lea-Artibaiko taldeek ordezkaritza zabala edukiko dute zapatuan, Sestaon. Ondarroako 21 batel eta Lekeitioko 16 uretaratuko dira. 15:00etan hasiko dute estropada.
Isuntzak kimuetan hiru batel izango ditu, nesken bi eta mutilen bat. Txiki mailan bost izango dira, hiru mutilenak eta bi neskenak. Kadeteen lau batel izango dituzte, hiru nesketan eta bakarra mutiletan eta gazte mailan bana. Mutilen senior bi talde ere ariko dira lehian.
Ondarrutarrek kadeteetan izango dituzte kide gehien; nesketan sei batel eta mutiletan lau uretaratuko dituzte. Kimuetan sei batel ariko dira; nesken hiri, mutilen bi eta misto bat. Txiki mailan, berriz, mutilen hiru eta nesken bi egongo dira lehen jardunaldian.
Gipuzkoarrak. Bestalde, Gipuzkoako arraun taldeek urtarrilaren 11an hasi zuten liga, eta asteburu honetan lehiatuko dute 2. eta 3. jardunaldiak. Zapatuan Trintxerpen ariko dira, 10:30etik aurrera eta domekan San Pedron, 11:00etan hasita.
Lehen jardunaldiko emaitzei dagokionez, mutilen senior kategorian azken postuan sailkatu ziren mutrikuarrak, eta gazte mailako mutilak azken aurreko postuan geratu ziren. Etorkizunekoen kategorian, nesken batela hamalaugarren sailkatu zen.