Ondarroako turismo bulegoak antzerako bisitari kopuru eduki du azken bi urteetan
2018an 5.645 bisitari zenbatu zituzten turismo bulegoan. Iaz, ostera, 5.474 pertsona zenbatu zituzten (2018an baino 171 bisitari gutxiago). Turismo bulegoko arduradunak eta udal ordezkariak pozik agertu dira.
Turismo bulegoak zenbatutako emaitzak esku artean edukita, Ondarroan turismoak bere lekutxoa duela esan dute turismo bulegoko teknikariak eta udal ordezkariek. “Inguruan beste turismo mota bat daukagu, eta guk gure eredu propioarekin jarraitzeko asmoa dugu”. Dena dela, azpimarratu nahi izan dute herria bisitatu dutenak gehiago izan direla. “Datuak bakarrik turismo bulegotik pasatu direnenak dira”.
Bisitari gehienak Euskal Herritik etorri direla esan dute (2.583). Espainiatik etorritako gehienak madrildarrak eta valentziarrak izan dira, 303 eta 165 bisitari, hurrenez hurren. Gainontzekoak Frantziatik (483), Herrialde Katalanetatik (460), Alemaniatik (136 bisitari) eta Holandatik (63 bisitari) etorri direla argitu dute. Bisitari gehien zenbatu den hilabetea abuztua izan dela esan dute (1.585). Atzetik daude ondoko hilabeteak: uztailea (1.111), irailea (741) eta ekainea (611).
Interes gehien pizten duen elementuetako bat arrainaren salmenta izaten dela esan du turismo bulegoko teknikariak: “Asko izaten dira arrain salmenta zuzenean ikusi nahi izaten dutenak”. Harbide pasealekua eta hango ikuspegiak ere interes handia pizten dutela azpimarratu dute. Ibilbideei dagokionez etorritako askok Ondarroa eta Lekeitio arteko GR-123 ibilbidea ere egiten dutela diote. Horrez gain, autokarabanekin etorri eta eguna zein gaua Ondarroan igarotzen dutenak ere gero eta gehiago direla esan dute.
Ondarroa turistikoki asko saldu ez den herria dela esan dute. “Kanpora begira, behintzat, ez dugu horrenbeste saldu. Gure ustez, turista kopurua baino garrantzitsuagoa da horiei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitatea eta abegikortasuna”. Udal ordezkariek azpimarratu dute herriko turismoaren oinarriak bertoko izaera eta ondarea, bizimodua eta gastronomia erakustea direla, eta horrek turismo masifikatua baino zerbitzu pertsonalagoa eta gertukoagoa eskatzen duela. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea ere pozik agertu da bisitari kopuruagaz: “Beste behin ere, gure ereduak ere onarpena badaukala ikusi dugu. Gurera etortzen den turistak gure egunerokoa nolakoa den ikusteko aukera daukate. Ez da gure asmoa postaleko herri bat erakustea, baizik eta gure herriak dauzkan altxorrak bere horretan erakustea”.