Sormena lantzeko ikastaroa hasiko dute otsailean Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean
Sormenaren alor ezberdinak landuko dira Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik. Lau egunetako ikastaroa izango da.
Lau eskutara ikastaroa eskainiko dute Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean otsaileko lehen lau zapatutan. Euskaraz sortu nahi duten guztiei zuzendutako ikastaroa izango da, eta sormenaren alor ezberdinak landu ahalko dira Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik. Txakur Gorria autoedizioa lantzen duen sormen taldea da, lau emakumek osatua. Taldearen lan esparrua egun, batez ere, testua eta irudia dira. 53. Durangoko Azokako kartela eurak egin zuten, esate baterako.
Otsailaren 1, 8, 15, 22 izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara Uhagon kulturgunean. Aurreratu dutenez, ikastaroa lau bloketan banatuta egongo da –Hitzei tiraka, Irudiei tiraka, Gauza txikiei tiraka eta Kolektibotasunari tiraka– eta zapatu bakoitzean sormenari lotutako alor bat landuko dute. Horrela, hitzekin jolasteko dinamikak, irudi eta testuak sortzeko ariketa praktikoak, inspirazioa lantzeko ariketak eta kolektiboki sortzeko dinamikak landuko dituzte besteak beste.
Parte hartu nahi dutenek Uhagon kulturgunera jo behar dute, 94- 616 63 03 telefono zenbakira deitu, edo kulturgunea@uhagon.com helbide elektronikora idatzi.
Ikastaro gehiago. Sormen tailer horrez gain, ikastaro gehiago ere badituzte martxan Uhagon kulturgunean. Batzuetan izen ematea zabalik dago, beste batzuetan ordea, jadanik ezinezkoa da parte hartzea taldeak beteta daudelako edota ikastaroaren dinamikak hala eskatzen duelako.
Izena emateko aukera zabalik duten ikastaroen artean daude helduentzako dantza garaikidea (2 astetik behin martitzenetan 18:30-20:00), yoga familian (bi astetik behin zapatuetan 11:30-12:30), taichi (martitzenetan eta eguenetan goiz edo arratsaldez), luzaketak (martitzena eta eguena goiz edo arratsaldez eta astelehenetan goizez), dantza hastapena eta dantza klasikoa umeentzat (astelehena eta eguena), dantza modernoa (7 urteko taldean, eguaztena) eta haurdun dauden emakumeentzako gimnasia saioak zein haurdunaldi ondorengoak (astelehen eta eguazten goiza).