25. Berdel Egunean berdel dastaketa herrikoia goizean egitea erabaki dute
Mutrikuko jairik ospetsuenetarikoa da Berdel Eguna. Aurten apirilaren 4an ospatuko da. Berdel dastaketa herrikoia goizera pasatzeaz gain, aurten, egitaraua aste osora luzatuko dela ere aurreratu dute.
Duela 25 urte berdela promozionatzeko sortu zuten duela Mutrikun Berdel Eguna. Aurten, jai eguna apirilaren 4an ospatuko da, eta urteurren borobilaren harira, antolatzaileek zenbait aldaketa eta ekitaldi berezi egitea adostu dute. Aldaketa nabarmenena orain arte arratsaldean egin izan den berdel dastaketa herrikoia goiz partean egingo dela da. “Bai herritarrek eta baita ere kanpotarrek aldaketa horren berri lehenbailehen jakitea nahi dugu”, esan dute.
Antolatzaileak 25. urtez egingo den jaia ondo-ondo antolatzeko lehen bilerak egiten hasita daudela esan dute. “Besteak beste, antolaketan parte hartzen duten boluntarioekin, abesbatzekin, jatetxeekin eta tabernariekin egin ditugu lehen bilerak”.
Beste aldaketarik ere egongo da aurten. Izan ere, orain arte ez modura, aurten, Berdel Eguneko egitaraua aste osora luzatuko dela aurreratu dute. “Oraindik egitaraua zehaztu gabe badago ere, besteak beste, erakusketa txiki bat antolatuko da. Horrez gain, hitzaldiak ere egingo dira. Egunean bertan, ostera, urtero egin modura, herriko abesbatzen eta oraindik lotzeke dagoen musika talde baten kontzertua egongo da”.
Jaiaren sorrerako helburua gainditu eta gero, gaur egun, Berdel Eguna “herria ezagutzera eman duen jai garrantzitsuena” bilakatu dela gaineratu dute.