Lea-Artibain eta Mutrikun grebak edukitako erantzuna "mundiala" izan dela esan dute
Eskualdeko ia enpresa eta komertzio txiki guztiek bat egin dute grebarekin. Oro har, grebaren jarraipena "erabatekoa" izan dela esan dute deitzaileek.
“Zorionak! Mundiala izan da”. Hitz horiek erabili dituzte urtarrilaren 30eko grebaren deitzaileek balorazioa egiterakoan. Lea-Artibai eta Mutrikuren kasuan, jarraipena %100ekoa izan dela esan dute. Herriz herriko azterketa eginda, Mutrikun %99 itxita eta eskualdeko gainerako herrietan dena itxita egon dela esan dute. “Bizitza duin baten aldeko borrokak bateratu eta atzoko egun ikaragarria egitea lortu genuen”. Industriguneetan jarraipena “erabatekoa” izan dela argitu dute. “Erantzuna inoizkorik eta zabalena izan da”.
Azken hiru hilabeteetan herriz herriko greba batzordeek egindako lana ere azpimarratu dute. “Beste eskualdeetako herrietako batzordeez gain, berton, Aulestin, Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Mutrikun osatu dira batzordeak. Horietan hainbat eragile batu gara: LAB, ELA, Ernai, gazte asanbladak, mugimendu feministak, gazte mugimenduak, Ongi Etorri errefuxiatuak… Zorionak guztioi!”.
Atzo, herrietako lantoki eta tabernak hustea lortu zen eta “kapitalismo munstroaren aurrean” beste bizi eredu justuago eta duinago baten aldarria kalera atera zela esan dute. “Piketeak goiz-goizetik herri guztietan ibili ziren, eta aipatu beharra dago ez zegoela lantoki eta komertzio askorik irekita. Herri guztiek grebarekin bat egin zuten”.
Arratsaldeko manifestazioetan zenbat herritarrek parte hartu zuten ere esan dute:
- Aulesti: 100 pertsona.
- Lekeitio: 750.
- Markina-Xemein: 400.
- Ondarroa: 1000.
- Mutriku: 350.
Manifestazio horietan guztietan ez zela inolako arazorik egon ere esan eta grebaren lanketa egiterakoan herri guztietan jaso duten harrera ona eskertu nahi izan dute. “Lanketa egiterakoan herri guztietan dendari, tabernari eta autonomo eta enpresa txikien aldetik jaso dugun harrera eskertu nahi dugu”.
Hiriburuetan. Eguerdian hiriburuetan egindako manifestazioak ere jendetsuak izan zirela esan dute. Bilbon 50.000 herritar batu zirela eta orokorrean Hego Euskal Herriko mobilizazioetan 145.000 pertsonek parte hartu zutela esan dute. “Behin eta berriro bizitza prekarizatu nahi gaituen kapitalari argi erakutsi dizkiogu hortzak. Argi erakutsi diogu nortzuk garen Euskal Herriko langileak. Borroka ezberdinak bateratuz, bizitzaren alde agertu gara”.
Amaitzeko, hau hasiera baino ez dela izan aurreratu dute. “Denbora tarte bat emango diogu Jaurlaritzari. Gero, udaberrian berriro hasiko dugu lan, pentsio eta bizitza duin baten aldeko borroka”.