XIV. Mendeko Belgikako txanpon bat aurkitu dute Lekeitioko Garraitz irlan
Aurkikuntza Atabaka kultur elkarteak egin zuen iazko udan. Aranzadiko numismatika sailak asteon baieztatu du Belgikakoa dela eta 1355 eta 1383 urte bitartean datatuta dagoela.
Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak Garraitz irlan XIV. mendeko txanpon bat agertu dela jakinarazi du. Txanpona iazko udan egindako indusketetan aurkitu zuten, beste hainbat txanponen artean. Aranzadi zientzia elkarteko numismatika sailak (txanpon, domina eta billeteak aztertzen dituen jakintza arloa), baina, egindako analisien emaitzak asteon eman dizkio kultur elkarteari, eta hor zehaztu ahal izan dute txanponaren datazioa eta jatorria.
“Eskozia, Portugal edo Gaztelako txanponen artean, Belgikako Brabanteko dukerriko txanpon hori nabarmendu beharrean gaude; txanpona 1355 eta 1383 urte bitartean dago datatuta”, esan dute Atabakakoek. Informazioa bilatzen hasita, taldeko kideek adierazi dute Joana de Brabante (Brusela, 1322-Brusela, 1406) Brabanteko eta Limburgoko dukesa izan zela 1355etik 1406ra. “Ez da gehiegi espekulatzea, baina Joana Brabantekoaren erregealdian sortu ziren Vilvoorde tailerretan garaiko urrezko txanpon handienak: Urrezko aharia (Mouton d’Or), hiru zentimetroko diametroa zuena”.
Atabakakoek argi daukate. Egindako aurkikuntza balioan jartzeaz gain, indusketa arkeologikoekin jarraituko dutela esan dute. “Garraitz uhartea arkeologiaren altxor bat da, eta aztarnategitik bertatik pasioz bizi ahal ditugu azken 700 urteak. Kostaldeko gune horren aberastasuna uler dezakegu. Gaur egun kultur ondare hori zaintzea dagokigu”.
Atabakak 2015. urtean hasi zuen Garraitz ondare historiko eta naturala ikertzeko eta babesteko proiektua. “Orain arte ezezaguna izan den ondarea, hain zuzen”. Proiektua parte hartzailea dela eta Aranzadiren zuzendaritzapean burutzen dela gogorarazi dute. “Gure lan egiteko modua auzolana da. Bide parte hartzaile horren bidez, ezagutza eta mobilizazio zientifikoa zabaltzea dugu helburu”.
Aurreratu dutenez, abuztuan Aranzadiko adituen eskutik berriro ere indusketa arkeologikoak egingo dituzte. “Interesa duten guztiei parte hartzeko deia egiten diegu”.