Espainiako Txapelketa konbentzionala irabazi du Ager Solabarrietak
Euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian 555,1 puntu eskuratu ditu. Txapelketa irabazi badu ere, sentsazio gazi-gozoagaz bueltatu da etxera.

Asteburuan Alacanten (Herrialde Katalanak) jokatu den Espainiako Tiro Olinpiko Txapelketa konbentzionala irabazi dute Ager Solabarrieta tiratzaile olinpiko ondarrutarrak eta Maite Badiola haren laguntzaileak, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian. Barikuan [urtarrilak 31] jokatu zen txapelketa, eta denetara, 555,1 puntu eskuratu dituzte ondarrutarrek.
Txapelketa irabazi badu ere, sentsazio gazi-gozoagaz bueltatu da etxera Solabarrieta. “Ez nintzen gustura geratu; nire ohiko mailaren azpitik ibili nintzen. Duela bi aste Donostian lehiatu zen Euskadiko Txapelketan askoz marka hobea lortu nuen: 564,1 puntu lortu nituen denetara. Entrenamenduetan ere oso ondo ibili naiz, baina Alacanteko tiraldian ez nuen nire onena eman. 555,1 punto lortu nituen, Euskadiko txapelketan baino 9 gutxiago, eta marka nahikoa ona baldin bada ere, gehiago egin ahal nuenaren sentsazioagaz bueltatu naiz”.
Solabarrietak azpimarratu duenez, asko kostatu zitzaion tiro bakoitza egitea. “Ohikoa baino denbora gehiago behar izan nuen proba amaitzeko. Ia denbora guztia agortu nuen. Normalean 20 minutu soberan edukitzen ditut, baina proba amaitzeko bost minutu falta zirenean, oraindik ere tiro batzuk egitea falta zitzaidan”.
Bikote ondarrutarrak, bestalde, bigarren aldiz parte hartu du Espainiako Txapelketa konbentzionalean. “Guretzako oso pozgarria da txapelketa konbentzionaletan parte hartu ahal izatea ere. Antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu integrazioaren alde egiten dute ahaleginagatik. Kirol egokituan aritzen garenok ere beste guztien besteko aukerak eduki nahi ditugu”.