Euskal Kopako lehen proba irabazi du Nahia Quincocesek
Mendi eskiatzaile mendexarrak sekulako erakustaldia eman du Candanchun jokatu den banakako lasterketan; nagusitasun osoagaz irabazi du 13 kilometroko proba.

2020ko mendi eskiko Euskal Kopako lehen proba lehiatu dute asteburuan Causiat Extremen (Candanchun, Aragoi). Bakarkako lasterketa jokatu zuten zapatuan [otsailak 1], eta sekulako erakustaldia emanda, emakumezkoen kategorian lehen postua lortu zuen Nahia Quincoces mendi eskiatzaile mendexarrak.
B ibilbidea egin behar izan zuen mendexarrak. Sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta garaipena lortzeko ez zuen batere arazorik eduki. Ia 13 kilometroko ibilbidea osatu, eta 1.300 metroko desnibelari aurre egiteko ordu 1, 52 minutu eta zazpi segundo behar izan zituen. Argi eta garbi utzi zuen gaur egun ia ez duela aurkaririk mendiko eskian. Izan ere, nagusitasun osoagaz irabazi zuen proba. 10 minutuko aldea atera zion helmugan Igone Campos (2.02.04) hurrengo sailkatuari.
Euskal Kopan lehen garaipena lortu ostean, pozik agertu da mendi eskiatzaile mendexarra. “Oso ondo sentitu nintzen zapatuan. Aurreko asteetan ez nintzen hain ondo ibili”. Gaineratu duenez, oso lasterketa teknikoa izan zen, aldaketa askokoa. “Sei igoera eta bost jaitsiera eduki genituen. Ibilbide gehiena pistaz kanpo egin behar izan genuen. Aurreko egunetan elurra egin zuen, eta zapatu goizean bertan euria egin zuenez, elurra nahikoa konplikatua egon zen; jaisteko, batez ere. Faktore hori, baina, nire mesederako izan zen”.
Otsailak 7an, 8an eta 9an Munduko Kopako bigarren proban parte hartuko du, Alemanian. Hiru diziplinatan ariko da: bertikala, esprinta eta bakarkako lasterketa. “Andorran lortutako emaitzak hobetzen saiatuko naiz; hori da nire helburua”.
Otsailaren 15ean eta 16an, berriz, Izaban lehiatuko den Euskal Koparen bigarren proban (Bandres-Karoloren oroimenezkoa) parte hartuko du mendexarrak. Bi eguneko jaia izango da: otsailaren 15ean, banakako lasterketa egingo dute eta otsailaren 16an, berriz, bertikala. “Euskal Herriko txapelketara begira gogotsu nago. Dena ematera aterako naiz”.