Lekeitioko Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako faboritoek puntuak batzen jarraitzen dute
Bost partida jokatu ziren atzo [otsailak 2] trinketean. Partida lehiatuak eskaini dituzte pilotariek.

XV. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako ligaxkaren bosgarren jardunaldia jokatu zuten atzo [otsailak 2] Lekeitioko trinketean. Guztira, bost partidu egon ziren, eta apurka-apurka badoa zehazten sailkapena, faboritoek goiko postuetan jarraitzen dute.
Gandiaga anaiak eta Rober-Conde bikoteak neurtu ziren lehenengo. Antolatzaileek azaldu dutenez, nahiz eta zalantzan egon, azkenean Eñaut Gandiaga aurrelari berriatuarrak jokatzea erabaki zuen, eta ondo aritu zen, gainera, sakeagaz min handia eginez. “Iban Gandiaga jaun eta jabe izan zen, eta Condek, zoru umeltasunaren eraginez, ezin izan zuen partiduan sartu”. Horrela, 30-12 nagusitu ziren Eñaut eta Iban Gandiaga.
Madariaga-Urkiaga eta Moral-Foster irten ziren ondoren trinketeko kantxara. “Martinek, gerriko minaren ondorioz, ezin izan zuen jokatu, eta bere hutsunea nabaritu dute”, argitu dute txapelketaren antolatzaileek. Haren ordezko lekua Moralek hartu zuen, baina urduri eta sarea ezin babestuta egon zen hainbeste momentutan. Urkiagak partidu lasaia jokatu zuen, eta ondo moldatu zen, “bere esku mindua ondo babestuz”. Fosterrek pilota zailak eraman zituen atzean, baina, hala ere, ezin izan zien elgoibartarrei aurre egin. 30-7 irabazi zuten Madariagak eta Urkiagak.

Foster, sakea bueltatzen. Argazkia: Julian Arrate
Hurrengo hiru partiduetan orekatuago ibili ziren bikoteak. Astigarragak eta Praderak 30-19 irabazi zieten Hidalgori eta Txapartegiri. Astigarraga makal ibili zen sakez, 7 falta eginez, Pradera, ostera, agintzen eta eskumako txokoan tantoak maitasunez amaitzen. Hidalgo eta Txapartegi ondo moldatu ziren, eta antolatzaileek diotenez, partidatik partidara hobekuntza nabari zaie. Hala ere, ez zuten jarraian jokatu zuten partida irabazterik eduki. Jaunarena eta Egaña izan zituzten aurkari, eta 30-24 gelditu ziren, partida estu baten ostean. Hidalgok eta Txapartegik txarto hasi zuten norgehiagoka, eta 7. tantoan lekuak aldatu zituzten. Hobekuntza izan zuten orduan, baina Jaunarena eta Egaña aurkari gogorrak dira, eta ez zuten hutsik egin. “Jaunarena hasieran eroso, baina azkenerantz, tako gehiago jarrita zuenez, hainbat pilota txapara bota zituen. Egaña ondo ibili zen, atzea babesten eta pilota atzeratzen, eta Hidalgo eta Txapartegi pozik jokoan emandako hobekuntzagaz”.

Beraza, Telleria, Jaunarena eta Egaña pilotariek eta Julian Arrate epailea azken partida hasi aurretik. Argazkia: Julian Arrate
Eta eguneko azken partida izan zen eguneko lehiakorrena: Beraza-Telleria eta Jaunarena-Egaña bikoteen artekoa. Berdintasuna izan zen nagusi, azken tantora arte. Antolatzaileen esanetan, Berazak eta Jaunarenak trebezia erakutsi zuten aurrean, eta Telleriak eta Egañak ondo defendatu zuten. “Partida berdinduta egon zen 7, 8, 20 eta 22. tantoetan, baina Berazak 23. eta 28. tantoak sakez egin zituenean, aldentzea lortu zuen”. 30-24 amaitu zen partidua, Beraza eta Telleriaren garaipenagaz.
Datorren domekan [otsailak 9] jarraituko du norgehiagokak beste lau partidagaz.