Urrezko Binakako Txapelketaren finalerako txartela lortu du Ugaitz Mugertzak
Hiru jardunaldietako bi irabazita martxoaren 7an Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalean aritzeko bigarren txartela eskuratu du aizkolari mutrikuarrak Julen Alberdi 'Txikia IV.a'rekin batera.
Atzo [otsailak 3], San Blas jaien harira, Abadiñoko probalekuan jokatutako bosgarren jardunaldia Iker Vicenteren eta Jesus Mari Mujikaren aurka irabazi ondoren, Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra eta Julen Alberdi azkoitiarra Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalera sailkatu dira. Jokoan egon diren hiru jardunaldietako bi irabazita, horrenbestez, martxoaren 7an Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalean aritzeko bigarren txartela eskuratu dute. Izan ere, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika dagoeneko finalerako sailkatuta daude.
Lanei dagokienez, 11 pago enbor moztu behar izan zituzten bi bikoteek: erlojuaren aurka 45 ontzako enborra, zutik kanaerdikoa, abiadura proban 65 ontzakoak, zutik 45 ontzakoa eta etzanda kanaerdikoa. Dena borobiltzeko, lan erdira lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor moztu behar izan zituzten. Bi bikoteek nahikoa parekatuta hasi zituzten lanak, baina enborrak mozten joan ahala, Mugertza eta Alberdi aldeko segundoak pilatzen joan ziren gutxinaka. 21 minutu eta 5 segundoan amaitu zituzten lanak. Nagusitasun osoarekin amaitu zuten proba; minutu bat eta zortzi segundoko aldea atera zieten aurkariei. “Denak nahikoa ondo irten zigun. Egurrak garbi egon ziren, eta gustura ibili ginen”.
Olatz auzoko Iturritza baserriko aizkolariak lau aldiz irabazi du binakako txapelketa (2014, 2015, 2016 eta 2017) Aitzol Atutxarekin batera, eta txapela berriro irabazteko ilusioa duela azpimarratu du. “Bikotearekin oso ondo moldatzen naiz. Aurten berriz finalerako txartela eskuratu dut, eta pozik nago lortu dugunarekin”.
Hori bai, atzo proban muskulu uzkurdura bat eduki zuen, eta finalera sasoiko ailegatuko ote den kezkatuta dago. Aizkolari mutrikuarra iaz min hartuta egon zen disko hernia bat tarteko, eta ez zuen finalerako txartelik lortzeko aukerarik eduki. “Azken egurra mozten ari ginela iazko gihar berean uzkurdura sentitu nuen, eta azken zatia zenez, ondo amaitu nuen proba. Hamabost bat egunetan aizkora alde batera utziko dut, eta ea finalerako ondo leheneratzen naizen. Azkar sendatzea espero dut”.
Hirugarren bikote finalista zein izango den otsailaren 9an erabakiko dira. Mikel Larrañagaren eta Jon Rekondoren aurkako buruz burukoa jokatuko dute Ruben Saralegik eta Eneko Otañok. Hirugarren bikote finalista zein izango den argitzea falta baldin bada ere, final oso estua izango dela aurreikusten du Iturritza baserrikoak. “Final polita eta interesgarria izango dela uste dut. Gu, behintzat, borrokan egitera eta txapelaren bila aterako gara”.