11 mintegiren eskaintza dakar Markina-Xemeingo XVIII. Zuhaitz eta landare azokak
10:00etan emango zaio hasiera zapatuko [otsilak 8] azokari eta 14:00ak arte egongo dira postuak zabalik Zelaian. Nekazaritza eta artisautza postuek osatuko dute eskaintza.
Era askotako zuhaitz, lore, hazi eta landareak eskuratzeko aukera eskainiko du, aurten ere, zapatuan [otsailak 8] Markina-Xemeinen ospatuko den Zuhaitz, landare eta baserri tresnerien XVIII. azokak. Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duten ekimenak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta 14:00ak arte egongo da zabalik. Postuak Zelaian egongo dira, eta aurreratu dutenez, Udal Musika Eskolako ikasleek girotuko dute azoka trikiti eta pandero doinuekin. Taloak dastatzeko postuak ere egongo dira.
Guztira, 11 mintegi egongo dira azokan, Bizkaiko bost, Gipuzkoako lau, Nafarroako bat eta Zaragozako (Espainia) bat: Belar Mintegia (Zaldibar), Ortuberri (Iurreta), Areitio Mintegia (Zaldibar), Murueta Mintegia (Murueta), Etxebarria Mintegia (Gatika), Aranburu Mintegia (Usurbil), Urtinea (Usurbil), Ekoudalatx (Arrasate), Zubialde Patxakak (Beintza-Labaien) Lurberry Mintegia (Zarautz) eta Viveros Larena (Zaragoza).
Aldi berean, Lea-Artibai eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko aukera ere egongo da azokan. Hamabi ekoizle egongo dira, gehienak herrikoak bertakoak, eta besteak beste gazta, jogurta, ogia, gozoak, ardoa, eztia, marmeladak, txerriki eta ahatekiak, sagardoa eta txakolina eskainiko dituzte.
Azoka gunean egongo dira bai eta ere Ibilaldiko postua eta lau artisauren postuak ere. Loreak, panpinak, pachwork eta txalapartak eskainiko dituzte beste batzuen artean.

Ekoizleen postuak.
Bestalde, Hamen Bertokoa ekimenaren eskutik, bertako produktuekin osatutako otzara baten zozketa egingo da 13:00etan. Hamen Bertokoa Lea-Artibain ekoiztutako elikagaiak eskualdeko herritarren artean ezagutzera emateko proiektua da, produktu horienen ekoizpena eta kontsumoa sustatzea helburu duena. “Proiektu horren parte diren ekoizleen postuetan erosketak egiten dituztenek parte hartuko dute otzararen zozketan”, azaldu dute.
Merkatu Txikia. Landara azokagaz batera, herriko dendariak ere aterako dira kalera. Urtero modura, Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak outlet feria edo beherapenen azoka antolatuko du Arkupe aurrean. Jakitera eman dutenez, guztira hamar postu egongo dira, dendarienak bederatzi eta Izarbidean elkartekoena bestea. 10:00etatik 15:00etara egongo da merkatu txikia zabalik. Euria eginez gero, merkatua frontoi azpira lekualdatuko dutela zehaztu dute.