Gorka Urruzuno: "Sari hau gure aitari ere eskaini nahiko nioke neurri handi batean"
Gorka Urruzuno Alonso (Ondarroa, 1976) farmazialari ondarrutarrak dermatologoek eta farmazialariek osaten duten GEDEFAF elkarteak banatzen duen Espainiako formulazio magistraleko saria jaso berri du.
Zelakoa izan da Cordoban (Espainia) GEDEFAF 2020 aitortza jasotzea?
Albiste oso pozgarria izan da Gatikako Urruzuno farmaziako gure lantaldearentzat. Dermatologo eta farmazialari talde txiki bat gara, eta oso pozik gaude. Norbere gremioko lankideen eskutik sari bat jasotzea ederra da.
Dermatologia alorrean formula pertsonalizatuek duten hobekuntza aukerez emandako berbaldiagatik jaso duzue saria. Zer hobekuntza dermatologiko proposatzen zenituzten?
Gaur egun merkaturatzen diren bost bat botika aukeratu genituen, eta horien osagaiak aztertu ostean, zer hobekuntza egin daitekeen aztertu genuen.
Zer hobekuntza, esaterako?
Azalean infekzio txiki bat edukiz gero, antibiotikoa daraman krema bat errezetatzen dizute. Baina, batzuetan, antibiotiko bakar bategaz ez da nahikoa izaten. Beharbada, antibiotiko bat baino gehiagoren konbinazio bat behar da, baina medikamentu hori ez badago salgai, prestatu egin behar da. Beste kasu batzuetan, kremaren oinarria aldatzen saiatzen gara, azal motara hobeto egokitzeko eta tratamendua eraginkorragoa izateko. Demagun, baselina daraman krema bat ematen dizutela. Krema hori gorputzerako ondo etorriko zaizu, baina aurpegirako ez da oso egokia izango, koipetsua eta disdiratsua delako. Eta krema horregaz eroso ez bazaude, ez duzu emango, eta ez zara osatuko.
“Duela urte eta erditik hemen dugu laborategia, baina aurretik Ondarroan egiten genituen formula magistralak”
Noiz hasi zinen formula magistralak prestatzen?
Hamabost urte daramatzat honetan. Formulak egiteko orduan hiru maila daude, eta horietan guztietan zerbitzua emateko gaitasuna dugu. Besteak beste, kapsulak, injektagarriak, kolirioak… Ahal ditugun guztiak prestatzen ditugu hemen.
Eta zelan hasi zinen formula magistralekin?
Gure aita ere farmazialaria zen, eta berak erakutsi zidan formulazioari buruz zekien guztia. Mundu hau, egia esan, berari esker ezagutu nuen. Sari hau gure aitari ere eskaini nahiko nioke neurri handi batean.
Formulak orain Gatikan sortzen dituzu.
Duela urte eta erditik hemen dugu laborategia, baina aurretik Ondarroan egiten genituen formula magistralak. Berangon bizi naiz, eta hurbiltasunagatik laborategia hemen zabaldu genuen.
Zer alorretan sortzen dituzue formula magistralak?
Sortzen ditugun formula magistralak, batez ere, dermatologian laguntzeko izaten dira; dermatologoek errezetatzen dituzten kremak prestatzen ditugu, esate baterako. Horrez gain, laguntza handia ematen dugu pediatria mailan ere.
Zein eratara?
Helduentzako medikamentu asko, esaterako, ez daude jarabe eran umeentzat. Industria farmazeutikoak botika bat merkaturatzeko diru asko inbertitu beharko luke, eta kasu puntual horietan gure laguntza berebizikoa da. Beste alde batetik, farmazia industrian botika gabezia dagoenean ere lagundu dezakegu. Kasu horietan, osasungintzako arduradunek botika hori formula modura eskatzeko baimena ematen dute. Medikuak errezeta formula modura egiten badu, guk hori sortu eta ekoiztu dezakegu.
Eta egiten dituzuen formula magistralak zelan banatzen dituzue?
Ekoizten dugun %95 beste farmazia batzuetara bidaltzeko izaten da. Guri errezeta bat bidaltzen digute faxetik, eta hortik eskatzen digutena sortzen dugu egun batetik bestera.