Hirugarren urtez martxan da nesken zesta punta txapelketa, Berriatuan
Besteren artean, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko puntistak ari dira parte hartzen.
Balioa eman, ezagutarazi eta bultzatu. Berriatua Zesta Eskolak hirugarren urtez antolatu du Nesken Zesta Punta Txapelketa, eta Euskal Herriko zein kanpoko hainbat lekutako puntistak pasatuko dira Mendibarren frontoitik martxora bitartean.
“Emakumea kirol munduan eta zesta munduan orain arte ez da ezagutu izan, eta orain dela hiru urte hasi ginen bultzatzen, eta gero eta gehiagora doa. Gainera, eurentzat ere oso pozgarria da, oso ondo pasatzen dute. Mutilekin ere jokatzen dituzte partiduak urtean zehar, baina ez da berdina”, adierazi dute herriko zesta eskolaren ordezkariek.
Berriatuko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Durangoko, Gasteizko, Donostiako, Zumaiako, Sopelako, Pamierseko, Bidarteko, Tolosako, Andoaingo, Kataluniako eta Mexikoko emakumeak lari dira txapelketa lehiatzen, hiru mailatan banatuta. Urtarrilaren erdialdean hasi zuten txapelketa eta astebururo partiduak jokatzen dituzte. Asteburu honetan, esaterako, bertokoekin batera, Kataluniatik eta Frantziatik etorriko puntistak ariko dira. Zapatuan, 11:00etatik aurrera hiru partidu lehiatuko dituzte, eta 15:30etik aurrera, berriz, zazpi partidu. Domekan, 11:30ean hasita, lau neurketa hartuko ditu Mendibarrenek.
Finalaurrekoak otsailaren 29an izango dira, eta martxoaren 7an lehiatuko dituzte txapelketaren finalak.