Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabaldu dute
Alor ezberdinetako artistek parte hartu dezakete. Martxoaren 30ean amaituko da izena emateko epea.
Udako Arte Erakusketa antolatuko du aurten ere, Lekeitioko Udalak. Urtero bezala, alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du egitasmoak, arte aniztasunaren isla izan dadin. Jadanik zabaldu dute parte hartu nahi dutenentzako izena emateko epea, martxoaren 30era arte egongo da aukera zabalik.
Erakusketan parte hartu nahi duenak Lekeitioko Kultur Etxean eman dezake izena, edo bestela kulturetxea@lekeitio.eus helbidera idatzi. Jakinarazi dutenez, izena ematerakoan artistak bere lanen argazki eta dokumentazioa, biografia eta erakusketaren azalpenak aurkeztu beharko ditu. Ondoren, udaleko kultur sailak baloratuko ditu lanak. “Apirilaren erdialdera onartu eta baztertuen zerrenda aurkeztuko da, eta ondoren, zozketa baten bitartez, hautatuko dira behin betiko parte hartzaileak”. Herriko eta eskualdeko artistek lehentasuna edukiko dutela nabarmendu dute.
Udako Arte Erakusketan parte hartzeko aurkezten diren artista kopuruaren arabera zehaztuko dute artista bakoitzaren erakusketaren epealdia. “Astebeteko erakusketak izango dira printzipioz, baina bi astetara luza daitezke aurkeztu den partaide kopurua ez bada handiegia”.