Martxoaren 22an eman behar da izena Etxebarriko Pazkoetako idi probetan parte hartzeko
Udaletxera deitu behar da izena emateko. Aurten ere, sari handiak banatuko ditu Etxebarriko Udalak.
Pazkoetako idi proben 67. sari handia jokatuko da apirilaren 4tik 13ra bitartean Etxebarriko probalekuan. Idi deman parte hartu nahi dutenek, martxoaren 22an deitu behar dute Etxebarriko udaletxera, 12:00etatik 13:00etara. Egun horretan zehaztuko dituzte parte hartzaileen zerrenda eta saioak.
Aurten ere, sari handiak banatuko ditu Etxebarriko Udalak. Lehenengo gelditzen den idi bikoteak esate baterako, 1.600 euro, mantak eta garaikurra eskuratuko ditu. Guztira hamabost sari egongo dira. Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko lehenengoak 300 euro eta akulu sorta lortuko ditu.
Baldintzei dagokionez, bikoteek pisu oinarritzat 1.100 kilo izango dituzte eta idi-buztarri bakoitzak akulari bi eramango ditu. Bikote bakoitzaren eguna antolatzaileak aukeratuko du, eta partaideak onartzeko eta baztertzeko eskubide osoa edukiko dute antolatzaileek. Idiak 10:00etan pisatuko dituzte, dagozkien egunean. Lehiaketa Euskal Herriko Kirol Federazioak kontrolatuko du, eta probak “anti-doping” arauen barruan egingo dira.