Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzea exijituko dute Markina-Xemeinen
Elkarretaratze zaratatsua egingo dute gaur [otsailak 10], 19:30ean, Goiko Portalean. Bizkaiko Foru Aldundia AP-8a eusteko horma bat eraikitzen hasiko da Zaldibarren.
Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitu dadin exijitzeko kalera aterako dira gaur [otsailak 10] Markina-Xemeinen. Elkarretaratzeko deia egin dute herritarrek, “oraindik zabor azpian dauden bi langileak, tartean gure herrikoa, ateratzea lehentasuna delako, enpresa eta arduradun politikoei informazio zehatza eta gardena ematea exijitzeko, zabortegiaren kutsadurak osasunean eta ingurunean daukan eragina aztertzea exijitzeko eta larrialdi egoera martxan ipintzea exijitzeko”. 19:30ean batuko dira Goiko Portalean, eta elkarretaratze zaratatsua egingo dute.
Bestalde, desagertuta dauden Zaldibarko zabortegiko bi langileen bilaketa lanekin jarraitu zuten atzo goizean. Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak atzo [otsailak 9] Zaldibarren egindako prentsaurrekoan iragarri zuenez, Zaldibarko zabortegiko eremu jakin batean berrekin diete indusketa-lanei, “makineria zehatz bategaz”. Baina geologoen aholkuz, eten egin dituzte lanak lur jausi berriak egoteko arriskua dagoela eta.
Bestalde, Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak ziurtatu zuenez, gaur [otsailak 10] hasiko dira amiantoa zabortegitik ateratzeko lanak.
Bilaketa lanen bigarren fase honetan, han zeuden langileek emandako informazioetan oinarritutako gunean sakontasun handiagoko indusketa egiten ahaleginduko dira. Fase berri hori arrakastarik gabe amaituko balitz, hirugarren batera pasatuko litzateke, “mendi-mazelaren egonkortze osoarekin zerikusi handiagoa izango lukeena. Lan horiek, behin obra proiektua eginda, pertsona horien bila jarraitzeko ere erabiliko lirateke”, esan zuen.
Horma. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundia AP-8a eusteko horma bat eraikitzen hasiko da Zaldibarren. Bidearen segurtasuna hobetu nahi dute eguenetik kaltetuta dagoen eremuan.
Jakinarazi dutenez, ezaugarri teknikoak definitzeke daude oraindik, baina harri-lubetako horma bat izango da; sei metroko altuera eta 50 metroko luzera izango ditu, eta Donostiara doan noranzkoan jarriko da. “Sekzio trapezoidaleko hormigoizko horma-lubeta bat izango da; oinarrian 10 metro edukiko ditu eta gailurrean hiru metro”. Dikea eraikitzeko aurreikusi duten epea 10 egun ingurukoa da. Aurreikuspenen arabera, obra gaur [otsailak 10] adjudikatuko dute, eta, bihar hasiko dira lanean.
Bestalde, kaltetutako eremuan ezartzeko bide-segurtasunerako beste neurri batzuk aztertzen jarraitzen du foru-erakundeak. “Bien bitartean, luizia gertatu zenean Bilboko noranzkoan prestatutako by-passetik bideratuko da AP-8aren zirkulazioa. Zapatuan, Donostiako noranzkoan galtzadara erori ziren hondakinak kendu ziren. Osalanen jarraibideei eta laneko osasun- eta segurtasun-araudian ezarritako protokoloei jarraikiz egin ziren lanak”. Zehaztu dutenez, autobidera eroritako hondakinak kentzeko lanen bigarren fasean, lau atzerako hondeamakina eta lau iraulki-kamioi aritu dira lanean, lau ofizial eta arduradun baten laguntzarekin.
Osasun Batzordearen ezohiko bilera. Bizkaiko Foru Aldundiak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren bitartez, Osasun Batzordearen ezohiko bilera bat deitu du biharko [otsailak 11]. Bertan, egindako jarduketen berri emango dute, bai eta zabortegian botatako hondakinen artean amiantoa egoteagatik hartutako neurrien berri ere. Era berean, luizia dela eta, lehenengo orduetan lanean aritu diren Aldundiko langileak deitu dituzte, osasun-langileekin eta teknikariekin elkarrizketa bat egiteko. “Datuak bildu nahi dira bertan, besteak beste, langileen parte-hartzea edo luiziaren eremuan egondako denbora. Bestalde, operatibo horretako kontrata eta azpikontratei lanean aritu diren langileen zerrenda bat egiteko eskatu zaie, bai eta haien prebentzio-zerbitzuen bitartez neurri berberak hartzeko ere”.