Zaldibarko zabortegian gertatutakoa azaltzeko eskatu dute Markina-Xemeinen
Herritarrak elkarretaratzean batu dira Goiko Portalean. Bestalde, zabortegiko egoeraren berri eman dute Jaurlaritzako Segurtasun eta Ingurumen sailburuek.
Ehunka herritar elkartu dira Goiko Portalean, Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko exijitzeko. Oraindik zabor azpian dauden bi langileak, tartean Markina-Xemeingo bizilaguna, ateratzea lehentasuna dela azpimarratu dute, eta enpresa eta arduradun politikoei informazio zehatza eta gardena ematea, zabortegiaren kutsadurak osasunean eta ingurunean daukan eragina aztertzea eta larrialdi egoera martxan ipintzea exijitu diete.
Zarata eta txistu artean egin dute 15 bat minutuko elkarretaratzea, eta elkar animatzeko txalo zaparradagaz amaitu. Aldarrikapenak egiteko aukera ere egon da amaieran.
Gaur goizean eman dute Zaldibarko zabortegiko luiziaren egoeraren berri Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Azaldu dutenez, beharginen bilaketaren bigarren fasea martxan daukate, baina geologoen txostenaren arabera erabakitzen ari dira bilaketa lanekin noiz eta non aritu. Horrela, geologoen laguntzagaz lanekin beste leku batean jarraitu ahal duten baloratzen ari dira orain, bigarren faseagaz jarraitzeko. Alabaina, fase berri hori arrakastarik gabe amaituko balitz, hirugarren fase batera pasatuko litzateke, mendi-mazelaren egonkortze fasera. Azaldu zuenez, lan horiek, desagertutako pertsonen bila jarraitzeko ere erabiliko lirateke.
Airea egoera onean. Osasun alorrari dagokionez, momentuz kezkatzeko arrazoirik ez dagoela azaldu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Eibar eta Ermuako aire neurketez gain unitate mugikor bat, uneoro, neurketak egiten ari dela jakitera eman zuen, «airearen kalitate ona bermatzeko».
Bestalde, bihar [otsailak 11], Alemaniatik datorren aditu bategaz lanean hasiko dira, luiziak eragindako gasen isurketa aztertzeko. Zabortegiaren goikaldean piztuta jarraitzen duen sutea kontrolatzen ari direla ere argitu dute, eta ez berpizteko estrategia ere zehazten ari dira. Amiantoa duten hondakinak, berriz, zein zabortegira eraman aztertzen ari dira. Amiantoa hartzeko baimena daukaten bi zabortegi daude, bata Mallabian, eta bestea, Zallan.
Urgentziazko gai horiei erantzuna eman ondoren, luizia gertatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren ere aztertuko dutela gaineratu du Arriolak. Horrez gain, Verter Recycling 2002 SL enpresa pribatua dela gogora ekarri zuen, eta beraz, enpresari konponbideak eta neurriak hartzea exijituko diote. «Enpresaren erantzun arin bat ez badago neurriak hartuko ditugu».
Lehendakaritzan bilera. Zaldibarko jardueren jarraipena egiteko erakundeen arteko koordinazio-bilera egin da arratsaldean Lehendakaritzan, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan da buru. Bileran, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako ordezkariak bildu dira: Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Nekane Murga Osasuneko sailburua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburua, Jon Azkue Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea eta Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea. Horiez gain, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak ere parte hartu zuten, baita Jose Luis Maiztegi Zaldibarko alkateak, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak ere.
Zaldibarko zabortegiko luiziaren jarraipen zehatza egiten ari dela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta bertaratu ez izanaren arrazoia «eszenifikazio huts bat ez egitea» izan dela esan du.