Apirilaren 1erako aurkeztu behar dira Mutrikuko Ziriako Andonegi sariko mikroipuinak
Lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu.
Lanak aurkezteko bi modu daude: posta arruntez, Mutrikuko Udala – Kultura batzordea (Txurruka plaza, z/g. 20830, Mutriku) helbidera idatzita eta posta elektronikoz, kultura@mutriku.net helbidera idatzita. “Lanak posta arruntez bidaltzen dituztenek ezin izango dute egilearen izenik aipatu. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi baten barruan, idazlanaren izenburua eta ezizenarekin batera, egilearen datu pertsonalak agertu beharko dira. Lanak posta elektronikoz bidaltzen dutenek, bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi beharko dizkiote: idazlana (goitizenez sinatuta) eta egilearen datu guztien fitxa, nortasun agiriaren kopia barne”.
Lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu. Hori bai, egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du. Lan guztiak euskaraz idatzita egon behar dira, eta beste inon argitaratu ez direnak izan behar dira. Mikroipuin bakoitzak gehienez ere 100 hitz eduki beharko ditu; gaia librea da.
Iragarri dutenez, hiru sari banatuko dituzte. 18 urtetik gorakoen lan onenak 500 euroko saria jasoko du; Mutrikuarren arteko lan onenak, berriz, 200 eurokoa, eta 18 urtetik beherakoen lanik onenak, 200 euro.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak izendatuko du eta hartzen duen erabakia aldaezina izango da.