Inaugurazio ekitaldia otsailaren 24an egingo dute, 20:00etan, Arriagan Antzokian. Inaugurazio ekitaldira joateko gonbidapenak hurrengo egunotan ipiniko dituzte publikoaren eskura.
Otsailaren 24tik martxoaren 8ra egingo duten Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Zinemaren eta Arte Eszenikoen 17. Nazioarteko Jaialdiak aurtengo egitaraua ezagutara eman du. Indar betean hasiko da aurten jaialdia, eta Inaugurazio Ekitaldirako ekintza mamitsua antolatu dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Pepa San Martin zinemagile txiletarrari Ohorezko Sari emango diote, eta ostean, Arantza Ibarrak ondarrutarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai film labur dokumentalaren erabateko estreinaldiak protagonismo berezia hartuko du.
Inaugurazio ekitaldia otsailaren 24an egingo dute, 20:00etan, Arriagan Antzokian. Ekitaldia Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak eta Nerea Arriolak aurkeztuko dute. Gogorarazi dutenez, sarrera doakoa izango da, gonbidapenagaz. Inaugurazio ekitaldira joateko gonbidapenak hurrengo egunotan ipiniko dituzte publikoaren eskura.
21 minutuko ikus-entzunezkoak Ekai Lersundi gazte ondarrutarraren bizitza du oinarri, eta Arantza Ibarrak adierazi duenez, film labur dokumentalaren estreinaldia jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egitea oso pozgarria da. “Estreinaldia jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, eta, gainera, Arriaga antzokian izango dela jakiteak sekulako ilusioa egin dit. Guretzako sekulako ezustekoa izan da. Zinegoaken Sail Ofizialean parte hartze hutsa oso pozgarria izan da gure taldearentzat. Ez nuen pentsatzen gure dokumentalak jaialdia inauguratu zuenik. Sail Ofizialerako aukeratzen dituzten film laburrak, normalean, beste era batera antolatzen dituzte ikusteko”.

Zinegoak jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Zinegoak
Jaialdiak lana ezagutzera emateko egin duen ahalegina ere eskertu du zinemagile ondarrutarrak. “Jaialdia gure lan xumeagaz zabaltzea dokumentalari berari balio gehiago ematen diola iruditzen zait. Zinegoakeko arduradunei oso eskertuta gaude honako aukera hau eman digutelako”.
Inaugurazio ekitaldiaz gain, jaialdiaren barruan beste bi bidar ere proiektatuko dute Ekai Lersundiri buruzko film dokumentala. Martxoaren 3an, 17:30ean, Art House Zinema Bilboarten proiektatuko dute eta martxoaren 6an, 18:30ean, Bilborocken. Bi proiekzietarako sarrerak aurretiaz erosi beharko dira.
Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko leloagaz dator jaialdia. Dozenaka film labur, luze eta dokumental izango dituzte ikusleek aukeran, Sail Ofizialean zein hortik kanpoko atal berezietan. Arantza Ibarrak egindako film labur domumentala jaialdian eskainiko dituzten 45 film laburren artean eskainiko dute. Euskal ordezkaritzari dagokionez, oparoa izango da aurten. Euskal Herriko zinemagileek egindako hamahiru lan dakartza Zinegoakek, horretako bederatzi, laburrak. Horrez gain, 22 film luze ere proiektatuko dituzte Sail Ofizialen, hiru kategoriatan banatuta.
Lore eskaintza. Zapatuan [otsailak 15] bi urte beteko dira Ekai Lersundi Martinez gazte ondarrutarraren heriotza gertatu zenetik. Eta Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkartearen ekimenez, omenaldia egingo diote Ondarroan. 12:00etan hasita omenaldi xumea egingo dute Itsasaurren, Ekai Lersundiren aldeko oroigarriaren aurrean. “Ekairen omenez minutu bateko isilunea egingo dugu, eta ostean, lore eskaintza”.