Aurreikuspen guztiak bete dituzte Radixu Irratiaren 48 orduek
Radixukoak "pozik" daude emaitzagaz, eta gauza bera gertatu da mikrofonoaren bestaldean egon diren taldeekin ere. Saio gehiago batu nahi dituzte 30. urteurrenean.
Bariku [otsailak 7] arratsaldean hasi eta domeka [otsailak 9] arratsaldera arte, Ondarroako Radixu Irratiak (105.5 FM) 48 orduko saioa eskaini du. 29. urteurrena ospatzeko ekintza berezia “oso indartsua” izan dela eta aurreikuspen guztiak bete direla azpimarratu dute Radixuko arduradunek. “Pentsatuta genuen guztia bete da”.
Nabarmendu dutenez, dena “ondo” joan da, eta irakurketa positiboa egiten dute. “Pozik” geratu dira emaitzagaz, eta azadu dutenez, gauza bera gertatu zen mikrofonoaren bestaldean egon direnekin ere. Datorren urtera begira deialdi berezia egin dute Radixuek. “Etorri direnak gustura geratu dira esperientziagaz, eta datorren urtera begira ea saio gehiago batzea lortzen dugun. Urtero saio asko batzen ditugu, baina gehiago batu nahiko genituzke. Jendeari animatzeko eskatu nahi genioke. 30 urtean hainbat irratsaio egin dira, eta horietako asko batzea gustatuko litzaiguke”.Ā
Asteburu guztian, etenik barik, irratsaio ezberdinak entzuteko aukera egon da. Solasaldiak, magazineak, elkarrizketak, saio musikalak, kirol saioak, bertsolaritzari buruzko saioak, musika emanaldiakā¦ Lehengoak eta oraingoak tartekatuz, hogei irratsaiori egin diote tartea. “Hainbat urtez Radixun saioa eskaini ez duten Gauerdiko ahuntzan estule-ko kideak, esaterako, oso pozik egon ziren bariku gauean. Ordubeteko saioa eskaini zuten, eta motz geratu zitzaien. Gehiagoren gogoagaz geratu ziren”.
Azken urteotan ohitura bihurtu den modura … Amaitzea guz! irratsaioagaz agurtu dute ekintza. “Radixuk antolatutako kontzertuen errepaso bat egin genuen. Eta azkenik, 48 orduetan parte hartu duten saioei buruzko laburpena ere”. Radixuko lantaldeak, gainera, Max-mix irratsaioa propioa ere sortu zuen ekintzarako. Terranobako salau saioan Gatz taldeari egindako elkarrizketa, herriko gaztetxoek Herrigora elkartekoei egindako elkarrizketa eta Azken mohikanoak saioan Jesus Mari Aramaiori eta Izaro eta Haizea Ituarteri egindako elkarrizketak errepikatu zituzten zapatu goizaldean.