Ondarroako eskalatzaileek hiru podium lortu dituzte XI. Pio Baroja Boulder Txapelketan
Izaro Azkuek lehen postua eskuratu du emakumezkoen senior mailan. Jaitz Julian eta Aritza Perezek, berriz, bigarren postua lortu dute 18 urtez azpiko kategorian.
Fortuna Kirol Elkarteak antolatuta, izaera herrikoia duen XI. Pio Baroja Boulder txapelketa egin zen domekan [otsailak 9], Donostian. Aurrera Mendi Taldeko arduradunek adierazi dutenez, Ondarroako 11 eskalatzailek parte hartu zuten txapelketan: “bederatzi lagunek klubaren izenean parte hartu zuten, eta beste bik, zerrendatik kanpora izena eman zuten”. Eskalatzaile ondarrutarrek maila oso ona erakutsi zuten, eta hiru podium lortu zituzten.
Ibon Bedialauneta Aurrera Mendi Taldeko eskaladako arduradunak esan duenez, txapelketa oso ondo joan zen. “Maila aldetik maila oso ona erakutsi zuten herriko eskalatzaileek. Gure taldeko lau finalean sartu ziren, eta oso ondo moldatu ziren”.
Izaro Azkue Burgoak, esaterako, emakumezkoen senior mailan onena izan zen. “Eskarmentu handiko eskalatzailea da. Urte asko daramatza lehiatzen, eta esperientzia hori igarri egiten da lehiatzeko orduan. Oraingoan ere ondo lehiatu zuen, lehenengo postua eskuratuz”.
Jaitz Julian Alkortak, berriz, emakumezkoen 18 urtez azpiko kategorian bigarren postua eskuratu zuen. Aritza Perez Eluk ere bigarren postua lortu zuen gizonezkoen 18 urtez azpiko kategorian. “Jaitzek ondo moldatuko zela eta podiumean sartzeko aukera asko zituela uste genuen, eta hala izan zen oraingoan ere. Aritzak, berriz, ez zuen txapelketan parte hartu nahi. Parte hartzera animatu behar izan genuen, eta azkenean oso emaitza ona lortu zuen. Bigarren amaitu zuen, eta gustura asko geratu zen”.
Aritz Gisasola Zabala ere gizonezkoen 18 urtez azpiko kategorian finalera ailegatu zen, baina podiumetik kanpo geratu zen. Gisasolak merezitako laugarren postua eskuratu zen. Manex Julian Alkorta ere fin ibili zen gizonezkoen 18 urtez azpiko kategorian, eta finaleko atarian geratu zen. “Lan ona egin zuen”.
Ondarroako eskalatzaileen hurrengo hitzordu garrantzitsua martxoaren 7an izango dela iragarri du Bedialaunetak. Bizkaiko Txapelketan parte hartuko dute hamabost bat nagusik, Bilbon. “Bizkaiko txapelketara begira prestatzeko ondo etorri zaigu Pio Baroja Txapelketa. Iaz Izarok eta Jaitzek oso emaitza onak lortu zituzten, eta aurten ere emaitza horiek ea hobetzea lortzen dugu. Aritzak eta Manexek ere finalean sartzeko aukera asko dituztela uste dugu. Estreinako parte hartuko dute biek”.