Steam astea "arrakastaz" ospatzen ari dira Mutrikun
Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika sustatu eta zabaldu nahi dituzte herritarren, eta, batez ere, hezkuntza komunitatea osatzen dutenen artean. Egunero hainbat irteera eta ekintza ari dira burutzen.
Goizeko Izarra ikastolaren ekimenez, Steam astea deritzon zientzia astea ospatzen ari dira egunotan Mutrikun. Aurten, bigarrenez antolatu dute ekimena, eta orain arte burututako ekintzak “arraskatatsuak” izan direla nabarmendu dute ikastolako arduradunek. “Oso pozik gaude orain arte egin ditugun ekintzekin. Oraindik ere asko falta da, eta horiek egiteko gogotsu gaude. Hau guztia elkarlanaren fruitua da, eta bertan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahiko genieke”.
Ekimena abiapuntu hartuta, hain zuzen, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika sustatu eta zabaldu nahi dituzte herritarren, eta, batez ere, hezkuntza komunitatea osatzen dutenen artean. Aldi berean, ikasleen motibazioa suspertu nahi dute STEAM bokazioetara erakarriz eta emakumeek STEAM bokazioetan duten garrantzia ere nabarmendu nahi dute.
Steam asteari hasiera astelehenean [otsailak 10] eman zioten, eta barikura [otsailak 14] bitartean, egunero hainbat irteera eta ekintza burutuko dituztela jakitera eman dute ikastolako arduradunek. Astelehenean, esaterako, LH4-6 bitarteko ikasleek Mutrikuko Araztegia bisitatu zuten goizean. Eta arratsaldean eskualdeko eta inguruko Lanbide Heziketako zentroek parte hartu zuten Steam txokoan, Armeria Eskola, Mutrikuko Institutua, Kardala Akuakultura Eskola, Meka, Azkoitiko Lanbide Eskola eta IMHk duten eskaintzen berri eduki zuten 7 eta 12 urte bitarteko ikasleek.
Astelehenean gainera, Berritzegune nagusiko kideen bisita ere jaso zuten ikastetxean. “Hango arduradunak bertora etorri ziren hainbat azalpen ematera. Carlos Garcia Perez Santos eta Perez Santosen azalpenak adi-adi entzun zituzten ikasleek”.
Martitzenean [otsailak 11], berriz, LH4ko ikasleek Kilimon edateko uren araztegia eta LH1ekoek Kardala Akuakultura Eskola bisitatu zituzten goizean. Aritz Barrenetxea IMHko irakasle eta gurasoak, aldiz, fabrikazio eta mekanizazio tailerra eman zien LH5koei. Maite Quintanilla irakaslearen eta LH 5 eta 6koen eskutik, bestalde, argi tailerrean parte hartzeko aukera eduki zuten HH4ko ikasleek arratsaldean.
Gaurko [otsailak 12] ekintzei dagokienez, steam bokazioetan jarduten duten hezkuntza komunitateko kide diren guraso eta senitartekoek euren esperientziaren berri emango dute. Bihar [otsailak 13], berriz, LH1eko ikasleek Ekainberri bisitatuko dute, eta arratsaldean, Emakumeak Steam bokazioetan saioa gauzatuko dute ikasle ohiek, gurasoek eta boluntarioek. “Bihar, ziurrenik, Debegesako kideen bisita ere jasoko dugu”.
Zientzia astearekin amaitzeko, ikasleek elkarrekintzan Steam bizipenak konpartituko dituzte. “Astean egin ditugun ekintzen errepaso antzerako bat egingo dugu”. Haur Hezkuntzan dabiltzanek jolastokiko eremuan esperimentatzeko aukera edukiko dute. Lehen Hezkuntza dabiltzan ikasleek, ordea, mailen arteko feedback saioa egingo dute. “Elkarri esperimentuak egingo dizkiete”. Barikuan, gainera, Laudioko Latiorro eta Gasteizko Ikasbide ikastetxeko ikasleen bisita ere jasoko dute.