Espainiako Errege eta Erreginaren Koparen bigarren jardunaldian ariko da Ager Solabarrieta
Errioxan jokatuko den txapelketan euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian eta euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian ariko da ondarrutarra.
Espainiako Errege eta Erreginaren Kopan lehiatuko dute Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola haren laguntzaileak. Koparen bigarren jardunaldia Larderoko (Errioxa, Espainia) Prado Salobre tiro eremuan jokatuko dute asteburuan.
Solabarrietak jakitera eman duenez, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian eta euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian ariko da. “Barikuan [otsailak 14] entrenamendu saioak egingo ditugu. Zapatu [otsailak 15] goizean zutikako kategorian lehiatuko gara eta domeka [otsailak 16] goizean etzandako kategorian ariko gara”.
Espainiako Errege eta Erreginaren Kopan iaz egin zuen estreinaldia Solabarrietak, eta oraingo honetan emaitza hobetu nahiko lukeela nabarmendu du. “Iaz zutikako kategorian parte hartzeko aukera eduki genuen bakarrik, eta lehen postua lortu nuen. Iazko emaitza berdindu edo hobetu nahiko nuke. Hori bai, nire asmoa Alacanteko sentsazioak hobetzea da”.