Keu Agirretxea: "Zapaltzen ez ditudan bide eta eremu berriak sentitzen jarraitzen dut"
‘Ura eta bakea’ zortzi kantuz jositako bakarkako bederatzigarren lana kaleratu berri du Keu Agirretxea ondarrutarrak. Kantu horiek gorpuzteko gitarra eta ahotsa besterik ez ditu erabili.
Gitarra akustikoa, elektrikoa eta ahotsa besterik ez dituzu jaso. Lana biluzia eta xumea da instrumentalizio aldetik, baina disko akustiko baten ukitutik asko urruntzen da, ezta?
Xavier Aldekoaren Oceano Africa liburutik dator izenburua. Liburuko kapitulu batean Somaliako gerratik ihes egiten duen familia batek errefuxiatuen kanpaleku hondagarri batean amaitzen du, baina eurentzako leku aproposa da. Ura eta bakea aurkitzen dituzte; hortik dator liburuaren izenburua. Liburuaren pasarte horrek asko harritu ninduen. Aldekoagaz kontaktuan ipini nintzen, eta kantua egiteko baimena eskatu nion. Nire ideia ardatz hartuta, Aiert Goenagak liburua oinarrian hartuta idatzi ditu hitzak ere.
Ura eta bakea. Zergatik izenburu hori?
Xavier Aldekoaren Oceano Africa liburutik dator izenburua. Liburuko kapitulu batean Somaliako gerratik ihes egiten duen familia batek errefuxiatuen kanpaleku hondagarri batean amaitzen du, baina eurentzako leku aproposa da. Ura eta bakea aurkitzen dituzte; hortik dator liburuaren izenburua. Liburuaren pasarte horrek asko harritu ninduen. Aldekoagaz kontaktuan ipini nintzen, eta kantua egiteko baimena eskatu nion. Nire ideia ardatz hartuta, Aiert Goenagak liburua oinarrian hartuta idatzi ditu hitzak ere.
Estreinako, gainera, diskoari kantuetako baten izena ipini diozu.
Nire beste diskoek barruko kantu baten izena ez dute eraman sekula. Liburu guztiak zeharo harritu ninduen, eta, egia esan, horregatik jarri diot kantu horren izenburua diskoari ere. Inozeren herria kantua idazterako orduan ere antzerako formula erabili dugu. Nerea Arrien idazle lekeitiarrak idatzi dituen hitzetan benetan gertatutako gertakari batean dago oinarrituta; beste gerrako istorio bat kontatzen dugu. Afrikako errefuxiatu kanpaleku batean kasko urdinak errefuxiatuak babesteko zeuden berez, baina hainbeste neska bortxatu zituzten.
Eta beste kantuak zeri buruzkoak dira?
Askotariko gaiak agertzen dira. Jende nagusiaren jarrera bizitzaren aurrean, Eric Moussambanik olinpiar jokoetan lortutako balentria, faltan botatzen ditugunei omenaldia, norbere mamuei zelan aurre egin…
Zortzi kantuz jantzi duzu Ura eta bakea. Zer nolako kantuak aurkituko dituzte zaleek?
Kantu batzuek oso presente dute gitarra akustikoa, eta beste batzuetan ezkutuago geratzen da gitarra, hitzei garrantzi handiagoa emateko. Kantek eskatzen dutenaren arabera moldatu naiz, eta gitarra elektrikoaren eta akustikoaren arteko oreka bat mantentzen ere ahalegindu naiz, biak ahalik-eta hobetoen uztartuz. Bi gitarra mota horiek erabili ditu soilik, eta, egia esan, efektu askorik ez dut erabili. Dauden efektuak soinu aldetik nahikoa organikoak direla esango nuke, naturalak.
Nomadak eta kofreak azken lanetik hiru urte igaro dira. Zer du desberdina lan honek?
Zeharo lan desberdinak dira bai instrumentazio aldetik eta baita hitz aldetik ere. Bakarkako lehen disko instrumentala 1999an argitaratu nuen, eta orduz geroztik, ohikoan zapaltzen ez ditudan bide eta eremu berriak sentitzen jarraitzen dut. Gauzak itxuraldatzen doaz, baita neu ere; eta nire kantuak ere nigaz batera ari dira eboluzionatzen.
“Musikari bakoitzak ukitu propioa eta desberdina ematen dio kontzertuari”
Grabazio prozesua 2019ko martxoa eta urria bitartean egin zenuen Kofrean, etxeko estudioan eta etxeko lasaitasunean.
Arinago ere Une Akustikoa, Denbora vs kantuak eta Behe presioaren erdigunean lanak ere etxean grabatu nituen, eta hau ere etxean grabatzea erabaki dut.
Zer abantaila eta desabantaila ditu etxetik grabatzeak?
Ni ez naiz musika ekoizle bat, eta gauza teknikoren bat kontuan hartu barik utzi dezaket, eta hori desabantaila bat izan daiteke. Baina jakin banekienez atzetik Jon Badiolak lana nahastu eta masterizatuko zuela, alde horretatik lasai nengoen. Abantailak asko dira; etxeko lasaitasunean zeuk nahi duzunean grabatu dezakezu.
Zelakoa izan da prozesua?
Kanta bat amaitu arte ez naiz hurrengoagaz hasi. Kantu bat hartu, eta gauzak probatzen hasi naiz: soinua, gitarrak… eta dena garbi nuenean grabatzen hasten nintzen. Kantua amaitutakoan Joni bidaltzen nion.
Bartzelonako Northw Wave Sound estudioan egin ditu nahasketak eta masteringa Badiolak.
Estreinako aritu gara batera, eta oso gustura nago; sekulako lana egin du. Nire gustuko ekoizpenari buruz eman nizkion erreferentziak ondo ulertu zituen, eta emaitza ona izan da.
Nahikoa kolaborazio ditu lanak bai ahotsetan bai hitzetan. Zelakoa izan da esperientzia?
Hainbat lagunekin egin dut lana. Olatz Salvadorrekin batera Aiert Goenagaren hitzak dituen Bidaiari kantuan abestu dugu. Izaskun Muruagak Berdinduak kantuan parte hartu du. Joseba Irazokik, bestalde, Moussanbani kantuan parte hartu du. Kantua jotzen nuen bakoitzean Irazokiren ahotsa entzuten nuen, eta horregatik eskatu nion parte hartzeko. Gotzon Barandiarek ere Mamutzarra kantuan koru batzuk abestu du. Han egon ginen kantuko hitzak, berriz, Eneko Garmendiak idatzi ditu.
Azaroan kaleratu zenuen lana, baina Maribili festibalean aurkeztu zenuen diskoko lehenengo kantua.
Ura eta bakea singlea herrian bertan estreinatu nuen; ederra izan zen. De Pedrogaz harreman indartsua izan dut hainbat urtean, eta Ondarroan bertan Pablo Novoagaz, Mikel Arakistainegaz eta Haimar Arejitaz jotzea berezia izan zen.
Lana taula gainean aurkezten ere hasi zara.
Formatu desberdinetan aurkezten ari naiz. Eta horrek lana itxuraldatu eta aldatu egiten du, ez da zerbait itxia. Beste proiektu batzuetan kantua diskoan jasota dagoenaren nahikoa berdintsua izaten da, baina kasu honetan aldaketa bateren bat edo beste dakartza. Neurri handi batean grabatutako kantua da, baina kantu hori zeinegaz eta non jotzen duzunaren arabera, itxuraldatzeko aukera ematen dit zuzenekoan momentuan bertan. Horrek sekulako askatasuna ematen dit. Topera gozatzen dut; izan ere, musikari bakoitzak ukitu propioa eta desberdina ematen dio kontzertu bakoitzari. Jende askogaz elkarregaz jotzeko aukera daukat, eta nire kantuak itxuraldatu eta erabat hazten dira.
Hurrengo kontzertuak, non?
Laster data berriak jakitera emango ditugu, baina aurreratu dezakedanaren arabera, Euskal Herriko herrialde guztietan egongo gara. Horrez gain, beste hainbat ezusteko ere badatoz.
Zure lehenengo bideoklipa Gu han egon ginen izan zen. Hurrengoa noizko ?
Diskoko kantuak kolaborazio berezi-bereziekin nabil etxean grabatzen; Ura lagunak eta bakea ipini diot izena atalari. Mikel Arakistain, Jon Gurrutxaga eta Olatz Salvador etorri dira. Laster lagun gehiago etorriko dira kantu gehiago abestera.