Zaldupe betetzeko deia egin du Aurrerak
Zaletu gehiago batzeko asmoagaz, zapatuko norgehiagoka 18:00etara atzeratu dute. Getxori irabaziz gero, lidertza lortuko lukete ondarrutarrek.
Zapatuan [otsailak 15] Getxo Lurraldeko Ohorezko mailako 1 multzoko liderraren aurka jokatuko du Aurrerak. Norgehiagoka etxean jokatuko dute ondarrutarrek, eta taldeari animoak emate aldera, harmailak betetzeko dei berezia egin du klubak. “Ahalik eta jende gehien etortzea eta ikusleak 12. jokalaria izatea nahi dugu. Herritarrak Zaldupera etortzea eta taldea animatzea da Aurreraren nahia; Zaldupe bete behar dugu. Datorren urtean mendeurrena beteko du klubak, eta klubaren ilusioetako bat nagusien taldea berriro ere hirugarren mailan ikustea da”, azpimarratu du Eladino Gonzalez klubeko presidenteak.
Ibon Lopez Aurrerako nagusien entrenatzailearen esanetan, iaz Lekeitioren derbiko giroa errepikatu nahi dute. “Iaz Lekeitioren aurka jokatu genuen derbia oso berezia izan zen guretzako. Zaldupe bete-bete eginda egon zen, eta horrelako zerbait errepikatu nahiko genuke”.
Klubeko presidenteak jakitera eman dutenez, gainera, jende gehiago batzeko nahiagaz, partiduaren ordua ere zer edo zer atzeratu dute. Partidua 17:00etan hasi ordez, 18:00etara atzeratu dute. “Beste kirol proba batzuk daude, eta ahalik eta jende gehienari bertan egoteko aukera eman nahi diogu”.
Getxoztarrek 40 puntu lortu dituzte azken 20 jardunaldietan, eta ondarrutarrak bi puntu gutxiagogaz igoera postuetan mantentzen dira. Aurrerak itzuli oso bat egin du partidurik galdu barik. Joanekoan lehenengo bi partiduak galdu zituen, baina orduz geroztik partidu bat bera ere ez dutela galdu nabarmendu du entrenatzaileak.”Etxeko partidu guztiak irabazi ditugu, eta kanpoan irabazi edo berdindu egin behar dugu. Etxetik kanpora denboraldi osoan ez dugu partidurik galdu. Gauzak ondo egiten gaudela uste dugu, baina igoera postuetan jarraitzeko hori baino gehiago egin beharko dugu. Ez da lan erreza, beste talde indartsu asko ere hor sartu nahian dabiltza eta”.
Baina abantaila horri eustea berebizikoa dela esan du Eladino Gonzalez Aurrera Kirol Elkarteko presidenteak. Azpimarratu duenez, zapatuko partidua ez da erabakigarria, baina bai garrantzitsua. “Zapatuko partidua irabazten badugu lehen postuan ipiniko ginateke. Zapatukoa ez da final bat ez eta partidu erabakigarria, baina zapatuan, azkenean, asko dago jokoan. Beste talde batzuk ere badabiltza lehehengo postua borrokatzen, eta guretzat partidu garrantzitsua izango da”. Joaneko partiduan bina berdindu zuten Getxoko Fadura zelaian, eta oraingoan irabazteko grina agertu dute Ibon Lopezen mutilek. “Partidu zoragarria izango da; Getxo oso ondo dabil eta gu ere bai”.
Talde oso erregularra da Aurrera, eta hor goian mantentzeko ahalegina berebizikoa dela agertu du Gonzalezek. “Beste taldeak ere asko estutzen ari dira. Getxo aurretik dabil, eta atzetik datozen Elorrio eta San Pedro ere indartsu dabiltza. Hori dela eta, dena ematen jarraitu beharra dugu”. Are gehiago, lau aste jarraian igoera postuetan jarraitzen dute ondarrutarrek. “Guretzat garrantzitsuena ez da lehen postuan joatea, lehenengotik hurbil joatea baino. Oso garrantzitsua da aurrekoarengadik hurbil egotea, eta aurrea hartzeko gai bagara, hobeto”, gaineratu du Lopezek.
Datorren astean ere etxean jokatuko dute norgehiagoka. Dinamo San Juan talde santurtziarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, eta orduan ere Zaldupe bete behar dela gogorarazi du Gonzalezek. “Denboraldia amaitu arte zaletuen babesa berebizikoa izango da. Etxean jokatzen ditugun partiduetan ea Zaldupe betetzen dugun”. Etxean jokatuko dituzten hurrengo bi partiduak oso garrantzitsuak izango direla esan du Lopezek.”Asteburuko partidua irabaztea garrantzitsua da, baina ez galtzea ere oso garrantzitsua da guretzako, batez ere, Getxok beste hiru puntu gehiago ez gehitzeko. Gure ideia Dinamoren aurka lider heltzea da”.