Frantziako fundizio ospetsuek egindako irudiak, Lekeitioko kaleetan ikusgai
Frantziako fundizio entzutetsu bik egindako irudiak mirestu daitezke Lekeition, bata Uribarren parkean dagoen iturrian eta bestea Gamarra kalekoan.
Sarritan aintzat ere hartzen ez ditugun altxor txikiez beterik daude gure herrietako txokoak. Zuhaitz, landare, monumentu, iturri, zubi edota armarriak… Batera edo bestera begiratzea besterik ez dago bateren bat aurkitzeko.
Altxor berezi horietako bat, esate baterako, Lekeitioko parkean dagoen Tritoi txikiaren iturria da. Iñaki Madariaga Valle lekeitiarrak eman zuen haren berri bere blogean. Bertan azaltzen duenez, tritoi txiki hori Parisko Jean-Jacques Ducel et Fils fundizioak 1851n Londresen egindako Nazio Arteko Erakusketan aurkeztutako lanetako bat da, eta enpresa horren katalogoaren 204. orrian agertzen da.
Nazio Arteko Erakusketa mundu guztiko aurrerapen industriala erakusteko sortu zuten, industria gero eta handiagoaren eta bere irudimen mugagabearen fruitu guztiak ikusgai jartzeko: makineria, produktu manufakturatuak, eskulturak, lehengaiak… Eta, zelan ez, bertan egon zen JJ Ducel et Fils a Paris lorategietarako objektu artistiko eta apaingarriak egiten zituen fundizio aitzindaria ere.
Tritoi Txikiaren iturria, haur tritoi bat eta arrain bat erdian dituen iturri apaingarri txiki bat da, arrainek edo izurdeek eusten duten katilu baten gainean, eta urmael zirkular bat arduratzen da ura jasotzeaz.
Madariagak dioenez, irudi hori segur aski Jose Javier Uribarrenek erosiko zuen Uribarren jauregiaren lorategirako. Jose Javier Uribarren (1791-1861) bankari lekeitiarra Mexiko aldean merkatari ibili ondoren, 1826an Burdeos aldean kokatu zen, eta geroago Parisen. Sarritan etortzen zen jaioterrira, eta bertoko alkate ere izan zen 1832 eta 1933 urteetan. 1846, 1849 eta 1853 urteetan, berriz, Gobernuaren aurrean mandatari. Uribarrenek XIX. mendeko 50eko hamarkadan, bere negozioak Parisen zituela, Uribarren jauregia eraiki zuen Isuntza hondartzaren gainean, lorategi eder bategaz. Gaur egun lorategi hori Uribarren parke publikoa da. Uribarren jauregia 1856an eraiki zen.
Frantziako fundizioek egindako apaingarriak mundu osora zabaldu ziren
Jean-Jacques Ducel et Fils fundizioak egindako beste pieza batzuk daude, esaterako, Madrilgo (Espainia) Parque del Retiro deritzonean, bai eta Liriako jauregian ere.
Gamarra kalean ere badago ume edo aingeru baten irudia daukan iturria: Kupidoren iturria. Madariagak azaltzen duenez, irudi hori Frantziako beste fundizio ezagun batek egindakoa da, Val d’Osne fundizioak, hain zuzen, eta bere katalogoaren 549. orrian agertzen da.
Val d ‘Osne, XIX. mendeko eta XX. mendeko Frantziako fundiziorik garrantzitsuena izan zen. Jean-Pierre Victor Andrek 1836an sortutako galdategia Osneko haranean (Frantzia) zegoen, Paristik 214 kilometrora, beneditar mojen komentu batean. Hasieran burdin hesiak eta balkoiak egiten zituzten, eta, ondoren, hiri altzariak eta burdinurtuzko apaingarriak fabrikatzen hasi ziren.
Euren produktuak katalogoen bidez merkaturatzen zituzten, eta katalogo horietan produktu guztiak erakusten zituzten, baita haien neurriak eta, kasu askotan, egileak ere bai. Garai hartako postalak daude, eta horietan eskulturaz betetako biltegi erraldoiak ikusten diren, bidaltzeko prest. Katalogoak, orokorrean, hirietako arkitekto eta eraikitzaile nagusiei bidaltzen zitzaizkien, enbaxaden bidez.
Horrela, Val d ‘Osne fundizioaren lanak munduko leku guztietan aurkitu ahal dira: Valentziako Alameda pasealekuan (Herrialde Katalanak), Frankfurteko plazan (Alemania), New Yorkeko Central Parken (AEB), Rio de Janeiroko plazan (Brasil) edota Buenos Airesko (Argentina) Lorategi Botanikoan.
Eskultore handiek lan egin zuten Val d ‘Osne fundizioarentzat, batzuk oso ezagunak, eta horietako batena dela dio Madariagak Gamarrako aingerutxoaren jatorrizko diseinua, Mathurin Moreau eskultorearena, hain zuzen. (Dijon, 1822 – Paris, 1912). Pascual Abaroaren oinordekoek erosi omen zuten iturria Gamarra kalean zituzten etxeetako patioan jartzeko. Buru gainean kopa bat eusten duen aingerutxoa irudikatzen du.