Zaldibarko zabortegian desagertutakoei elkartasuna adierazi diete Eitzagan amaitu den protesta jendetsuan
Desagertutako langileen senideek eskerrak eman dizkiete martxan parte hartu eta babesa eman dieten lagun guztiei. Presioa eginda, senideak lurrazpitik arinago ateratzea espero dute.
Arduradun politikoei Zaldibarko zabortegian egunotan gertatzen ari dena argitzeko eskatzeko milaka herritar batu ziren atzo [otsailak 15] arratsaldean, Zaldibar argitu orain lelopean antolatutako manifestazioan. Aldarrikapen, salaketa eta protesta oihuak ozen entzun ziren ibilaldi osoan, eta tartean, zabortegia amildu zenetik oraindik lurpean harrapatuta jarraitzen duten Alberto Sololuze markina-xemeindarra eta Joaquin Beltran ere gogoan eduki zituzten. Protestan batutakoek babesa eta elkartasuna adierazi zieten bi langileei eta haren senitartekoei.
Helene Alberdik senideen izenean eskerrak eman zizkien han batutako guztiei. “Familiaren izenean mila esker, bene-benetan, gaur hona etorri zareten guztioi. Eta baita ere egun luze guzti hauetan zuen maitasuna eta indarra helarazten ari zareten guztioi. Egia esan, oso maitatuak sentitzen ari gara, eta hau guretzat oso garrantzitsua da. Espero dugu presio honen eraginez lanean serio jartzea, eta ahalik-eta azkarren gure senideak hortik ateratzea”
Protestari dagokionez, hiru tokitatik (Eibartik, Ermutik eta Elgetatik) hasi eta Zaldibarko Eitzaga auzoan amaitu zuten hiru zutabeek, Verter Recycling 2002 enpresa zabortegia dagoen tokian. Egunotan jakinarazi dutenez, egin dituzten neurketetan dioxina eta furano maila altuak topatu dituzte Zaldibar inguruan, leku urbano baten egon ohi den maila baino 40-50 aldiz handiagoa, alegia. Kezka eta beldurra nabariak dira inguruko herritarren artean, hori dela eta, ahoa estalita egin zuten protesta gehienek, kutsaduragaz dituzten arazoak gogorarazteko. Gure osasuna, zuon negozioa zioten mezuak ere asko izan ziren, eta Jaurlaritzak eta adituek lasaitasun mezua zabaldu badute ere, orain arte arazoa bideratzeko hartu dituzten erabakiak dudatan jartzen dituzten hainbat kartel ere agertu ziren. Aurreko astean zabortegian piztutako suteak, berriz, “kontrolpean” baina itzali barik jarraitzen du.
Egunotan emandako informazioaren arabera, azkenik, laster ekingo diote desagertuen bilakete lanei; ustez, langileak dauden eremura iristeko pasabidea egonkortzen dutenean. Teknikariek bi lursail identifikatu dituzte, eta uste dutenez, litekeena da desagertutako beharginak bi alderdi horietan egotea. Eremua egonkortu eta gero, hara sartuko dira, eta zuzenean bilatzeari ekin ahal izango diote. Zehatz esanda, zabortegira sartzeko errepidea, baskula zegoen tokian edo baserrien ondoan dagoen eremuan egon daitezke desagertutakoak. Teknikariek “susmo sendoak” dituzte desagertutako bi langileak han daudela. Dena dela, iristeko errazagoak diren beste leku batzuetan ere bilatzen jarraitzen dute.