Julen de Diegok irabazi du 2020ko Arrigorri Bodyboard Txapelketa
Iragarritako moduko olatu handirik egon ez bada ere, txapelketan parte hartu duten bodyboarderrek erakustaldi ederra eskaini dute. Olaturik onena saria Alex Eizagirre gaztearentzat izan da.

Asteburuan Ondarroako Arrigorri hondartzan jokatu den Arrigorri Bodyboard Txapelketa Herrikoian hogei bodyboarderrek parte hartu dute. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte hartzaile guztiak herritarrak izan dira. “Aurten gazteek ere parte hartzea erabaki dugu, eta, hala, gazteen eta beteranoen arteko lehia ikusteko aukera egon da”. Horietatik guztietatik olaturik onenak hartzeko abilezia handiena eduki duena Julen de Diego ondarrutarra izan da.
Txapelketa bi egunetan banatuta jokatu dute. Euskalmeten iragarpenaren arabera, nahikoa olatu handiak espero ziren Arrigorrin. Azkenean ez da hainbesterainoko olatu handirik egon, baina txapelketan parte hartu duten bodyboarderrek erakustaldi ederra eskaintzeko aukera eduki dute; giro onik ez da falta izan uretatik kanpo zein barruan, eta herritarrek ikuskizun ederragaz gozatzeko aukera eduki dute. Hori bai, egun bietan bodyboardean ibiltzeko “itsaso polita” egon zela esan dute antolatzaileek.
Zapatuan [otsailak 15], esaterako, olatu handixeagoak egon ziren; metro eta erdi ingurukoak, baina lantzean lantzean handiagoak ere egon ziren tartekatuta, eta parte hartzaileek olatu ikusgarriren bat edo beste hartzeko aukera eduki zuten. Domekan [otsailak 16], berriz, metro bat inguruko olatuak egon ziren. “Txikiak baina garbiak”.
Hogei lehiakidek hasi zuten txapelketa zapatuan, eta lau parte hartzailez osastutako bost txanda jokatu zituzten lehendabizi. Hogei minutuko txandak amaitzean, punturik gehien lortu zituzten parte hartzaileek hurrengo txandara igarotzeko aukera eduki zuten; talde bakoitzetik bi pertsona hurrengo fasera igaro ziren. Epaileek puntuazioa emateko orduan hainbat gauza eduki zituzten kontutan: olatuan zenbat maniobra egiten zuten, maniobren ikusgarritasuna, olatuaren zailtasuna… Hurrengo fasera pasatzeko aukerarik eduki ez zutenen artean, berriz, beste txanda bat jokatu zuten. Behin final-laurdenak zeintzuk jokatuko zituzten erabakita amaitu zen lehen jardunaldia.
Domekan 25 minutuko final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatu zituzten. Txandak aurrera joan ahala, finalera ailegatzeko lehia handitzen joan zen. Finalaurrekoetan euren aurkako lehiakideak mendean hartu ostean, honako laurak izan ziren finalistak: Julen de Diego, Gorka Aginaga, Jon Haitz Badiola eta Raul Cordon.
Ordu erdiko final gogorra, estua eta nahikoa orekatua jokatu zuten laurek, eta urtero modura finalean olatu txikiak egon ziren. Julen de Diegok lehenengo olatu oso ona hartu zuen, eta horri esker, finala erabakita geratu zen. Sailkepenean atzetik izan zituen Gorka Aginaga, Raul Cordon eta Jon Haitz Badiola, hurrenez hurren.
Irabazlea zein zen argi bazegoen ere, hurrengo hiru sailkatuen artean berdinketa egon zen puntuetan. “Normalean lehenengo olatu biak hartzen dira kontuan, eta berdinketa zegoenez, hirugarren olatu bat hartu zuten kontuan sailkapena osatzeko”. Olaturik onena saria, bestalde, Alex Eizagirre gaztearentzat izan zen. Domekako final-laurdenekoan egin zuen trikimailu bati esker lortu zuen saria. “ARS (Air Role Spin) deritzon trikimailua egin zuen. Olatu polita hartu zuen, eta bira eta jira ederra egin zituen”.