Solabarrieta nagusi, Errege eta Erreginaren Koparen bigarren jardunaldian
Parte hartu duen bi diziplinetan lehenengo postua eskuratu du. Alcanteko arantza kentzeko aukera eduki duela azpimarratu du tiratzaile ondarrutarrak.

Sekulako pozagaz bueltatu dira Larderotik (Errioxa, Espainia) Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoa eta Maite Badiola haren laguntzailea. Ondarrutarrek Espainiako Errege eta Erreginaren Kopa konbentzionalaren bigarren jardunaldian parte hartu dute asteburuan, eta lehiatu diren bi diziplinetan nagusitu dira.
Euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian 570 puntu eskuratu zituzten zapatuan [otsailak 15]. Eta domekan [otsailak 17] jokatu zuten euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian, berriz, 609,02 puntu lortu zituzten. “Zutikako kategorian oso pozik amaitu nuen, eta oraingo honetan Alacanteko txapelketako arantza kentzeko aukera eduki dut. Gustura bota nuen, lasai. Egia esan, oso pozik geratu nintzen. Etzandako kategorian munduko errekorra nirea da (610,7 puntu), eta ez nintzen urruti ibili; emaitza ona da».
Martxoaren erdialdean Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) jokatuko den Munduko Kopan parte hartuko du. Harako buru-belarri entrenatzen hasita dago. Iragarri duenez, etzandako zein tentekako kategorietan parte hartuko du.