Komunikabideen aurrean aurkeztu dute Ekai Lersundiri buruzko film laburra
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak nabarmendu duenez, jaialdiaren aurtengo helburuetako bat LGTBI+ kolektibo barruan bizi den suizidioari ikusgarritasuna ematea da.

Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai film labur dokumentala otsailaren 24an Zinegoak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian estreinatuko badute ere, gaur [otsailak 18] lana aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Bilborock aretoan. Ekai Lersundi gazte ondarrutarraren bizitza jasotzen duen lanaren aurkezpen ekitaldian bertan egon dira Arantza Ibarra dokumentalaren zuzendari ondarrutarra, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi (Ekai Lersundiren gurasoak), Izaskun Arandia Izar Filmseko ekoizlea eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.
21 minutuko iraupena duen dokumentalean Ekai Lersundiren gurasoen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zuten, Ekai hil eta urtebetera egindako omenaldian.
Inaugurazio galaz gain, Arantza Ibarraren dokumentala beste bi bidar ere proiektatuko dute: martxoaren 3an, 17:30ean, BilbaoArteko Art House Zinema aretoan, eta martxoaren 6an, 18:00etan, Bilborocken.