Lekeitioko Udalak herriko merkataritza indarberritzeko plan berezi bat jarri du martxan
Hirugarren sektore ekonomiko sendo bat edukitzeak, herritarrei bizi kalitatea eta herri dinamismoa eskaintzen dietela azpimarratu dute. Plana prestatzeko azterlan bat egingo dute lehenengo.

Lekeitioko Udalak herriko merkataritza indarberritzeko plan berezi bat prestatzeko azterlana jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzagaz. Kitto Lekeitioko merkatari elkarteak egindako eskaerari erantzuna eman nahi diote Perco Lekeitio 2020 planagaz. Lekeition zeukaten aurreko plana 2004 urtean hasi zuten, eta hainbat ekintza burutu zituzten horren baitan. Gaur egun plan horren %95 gauzatuta dagoela-eta plan berri bat egiteko garaia ailegatu dela azaldu du udalak.
Jakitera eman dutenez, Lekeition merkataritzari lotutako 113 establezimendu daude, eta merkataritza dentsitatea establezimendu bakoitzeko 15,67 pertsonakoa da. “Hirugarren sektore ekonomiko sendo bat edukitzeak, hau da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore erakargarriak, herritarrei bizi kalitatea eta herri-dinamismoa eskaintzen die. Aldi berean, gertutasunezko zerbitzu eta aukera komertzial zabala edukitzeak, jendea udalerrian bertan kontsumitzera bultzatzen du, herriari klima biziagoa eta erakargarriagoa emanez eta bizimodu jasangarriagoa bultzatuz”.
Gogora ekarri dutenez, azken urteetan sektorea etengabeko aldaketak jasaten ari da, bai komertzializazio moduetan bai eta kontsumo ohituretan ere. “Internet bidezko erosketak, hiriburuetan erosketak egitearen ohiturak, kostu txikiko salmentak… garrantzia hartzen doaz. Guzti horregaz, sektoreak berrantolaketa eta lehiakortasunerako hobekuntzen beharra dauka”. Eta hori izan da udalak Perco Lekeitio 2020 martxan jartzearen arrazoia. “Plan hau ekintza parte-hartzaile desberdinen bidez diseinatuko da, eta herritarrei zein merkataritza eta ostalaritza sektoreko eragileei irekita egongo da”. Ekaina, uztaila nahiz iraileko hilabeteetan gauzatuko dira ekintzak.
Azterketa. Hasteko, herriko eskaintza aztertzeko, inkesta bat egingo diete herritarrei, bai telefonoz zein kalean ere. Horrez gain, merkatari, ostalari eta zerbitzuetako establezimenduei ere inkesta bat egingo diete, eta establezimenduen zenbaketa bat egitea dute asmoa. Perco proiektuaren prozesua azaldu eta parte hartzeko aukera ematen duen webgune bat ere sortu dute: www.ikertalde.com/perco_lekeitio.
“Prozesu honegaz lortutako emaitza eta ondorioak datozen urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joango diren ekintza lerro zehatzetan gauzatuko dira. Azken finean, Ekintza Plan bat gauzatuko da, herriko eskaintza eta gune komertzial, ostalari nahiz zerbitzu guneak hobetzen eta modernizatzen lagunduko duena, eta, aldi berean, gaur egungo gizartearen beharrei eta kontsumo-ohiturei erantzun egokiago bat emango diona”.
Hori dela eta, herritarrei, eta baita sektoreari berari ere, proiektuan laguntzera eta datozen hilabeteetan garatuko diren ekintza desberdinetan parte hartzera –inkesta telefonikoak, kale-inkestak, elkarrizketak, sektoreko lan-taldeak…– gonbidatu ditu udalak, proiektuaren ekintza teknikoen garapenaz arduratuko den Ikertalde aholkularitza enpresagaz lankidetzan. “Enpresa hau bai telefonoz, bai kaleetan egongo da datuak batzen ahalik eta diagnostiko zehatzena lortzeko”.