Nahia Quincoces, Euskal Herriko txapeldun
Mendexarrak erakustaldia emanda jantzi du mendi eskiko banakako Euskal Herriko txapela. Elur faltaren ondorioz, Izaban lehiatu ordez Panticosan aritu dira euskal mendi eskiatzaileak.

Nahia Quincoces Altuna mendexarrak eta Iñigo Martinez de Albornoz donostiarrak irabazi dute mendi eskiko banakako Euskal Herriko Txapelketa, asteburuan. Ez da ezustekorik egon; faboritoek ez dute hutsik egin.
Euskal Herriko txapelketara begira “gogotsu” zegoela eta dena ematera aterako zela adierazi zuen mendexarrak eta hala izan da. 2:23,21eko markagaz nagusitu zen eta Igone Campos Odriozola zumarragarrak (2:38,04) eta Uxue Fraile donostiarrak (2:38,05) osatu zuten podiuma.
Txapela lortzeko ilusioa zeukan eta erakustaldia emanda nagusitu zen Panticosan. Oso lasterketa teknikoa izan zela eta gorantza zein beherantza ondo ibili azaldu du: “Elur gutxi dagoenez, mendia nahiko tekniko dago. Elur gutxi egoteaz gain, bero eta euria egin zuen eta orduan elurra nahiko izoztuta dago eta altu. Oso lasterketa teknikoa izan zen, lurragatik eta baita elur baldintzengatik ere”.
Hasieratik lehen postua hartu zuen mendexarrak. Ibilbidearen 1.400 metroko desnibel positiboa gainditzeko ez zuen arazorik izan eta aurkariak oso atzean izan zituen ia lasterketa osoan. “Lau batetik irten ginen eta gero, fondoko pistan buelta bat eman genuen. Gero, basoan zehar korrika egin behar genuen. Korrikako zatian Igone Campos nigandik nahiko hurbil zegoen, baina, behin eskiak ipini genituenean eta goruntz joan ginenean, gutxinaka bigarrenarekiko distantzia handitzen joan nintzen, eta horrela izan zen amaierara arte”. Amaierako zati batean mutilekin elkartu ziren: ”Eurek zati bat gehiago egin zuten eta orduan bigarren jaitsiera eta gero lehenengo mutilagaz batera heldu nintzen. Eurak erritmo azkarragoan doaz eta polita izan zen eurekin batera lehiatzea”.
Albornozek ere argi erakutsi zuen bere nagusitasuna, 2:24,19 denbora eginda. Axier Alonso Korkostegi oñatiarra (2:26,51) geratu zen txapeldunorde eta Gartzen Elejabarrieta abadiñoarra (2:31,15) sailkatu zen hirugarren.
Izaban (Nafarroa) jokatzekoak baziren ere, elur faltagatik Panticosara (Aragoi, Espainia) lekualdatu behar izan zuen Euskal Mendi Federazioak txapelketak eta horretarako Aragoiko Mendi Federazioaren laguntza eduki zuen. Oso ibilbide zorrotza prestatu zuten Club de Montaña Pirineos taldeko antolatzaileek. Seniorren lehiaz gain, junior, kadete eta etorkizunekoak kategoriako txapeldunak ere erabaki ziren bertan.

Quincoces Euskal Herriko Txapelketan. Argazkia: Euskal Mendi Federazioa.
Munduko Kopan hiru etapa egin dituzte dagoeneko. Frantzian eta Andorra lehiatutako lehen bietan nahi baino emaitza apalagoak lortu zituela aitortu du: “Oraindik ez nintzen sentitzen erabat ondo. Asko entrenatuta pixka bat nekatuta nengoela esango nuke”. Alemaniakoan, berriz, gorputza sasoiko eta deskantzatuago zeukala sentitu zuen eta hamargarren sailkatu zen: “Oso gustura geratu nintzen. Sentsazio onekin, emaitzak ere politak izan ziren”.
Txinan jokatzekoak ziren hurrengo proba, baina bertan behera utzi dutenez, apirilaren 3tik 5era Italian lehiatuko dutena izango da azkena. Munduko Kopa azken proba izateaz gain, Europako Txapelketa jokatuko dute proba berean.
Hori da hurrengo proba garrantzitsuena, baina tartean aste asko daude eta beste era bateko lasterketetan parte hartuko du, luzeagoetan, taldekakoak eta etapakoak. «Taldeka deitzen diegu baina binaka dira. Lasterketa luzeagoak dira eta etapaka. Egia esan niri pila bat gustatzen zaizkidan lasterketak dira; besteak baino gehiago gustatzen zaizkit». Horiek entrenatzen jarraitu eta sasoi ona mantentzeko lagungarriak izango zaizkio.
Altitoi. Asteburu honetan Ana Alonsogaz ariko da Andorran. Martxoaren 7an eta 8an bere proba kuttunenetakoa dauka, Pirinioetan. Luz Ardidengo Altitoi lasterketan parte hartuko du. “Euskaldun pila bat egoten gara. Oso lasterketa polita eta ezaguna da. Niretzat oso berezia da. Bertan hasi nintzen eta nire lehen konpetizioak han egin eta asko ikasi nuen, lesionatu ere bertan egin nintzen. Lagun pila bat egongo gara bertan”.
Gogotsu eta sasoian dago eta denboraldi amaierara horrela ailegatzea du helburu: “Iazko denboraldia oso ona izan zen. Aurtengorako beranduago hasi nintzen entrenatzen eta banekien horrek eragingo ninduela, sasoi puntu ona lortzea gehiago kostatuko zitzaidala. Horrela izan da. Pasaden urtean baino beranduago sentitu naiz neure puntu onenean. Baina, esperantza daukat honek denboraldi amaierara arte irautea. Batzuetan arinegi zaudenean sasoian, gero beheraldia etortzen da. Aurten progresiboki egin ditut gauzak eta denboraldi amaierara ere sasoiko heltzea da helburua eta esperantza daukat”.