Arrisku sexualen inguruko narrazioak landuko dituzte Ondarroan
Uxuk antolatuta, hitzaldia eguenean [otsailak 20] izango da, 19:00etan, Etxelilan. Besteak beste, botereak Alcasserko auziaren kontakizuna emakumeen espazio askeak zirenak mugatzeko baliatu zuela azalduko dute.

Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta, Narraciones sobre el peligro sexual: El caso Alcasser y la construcción del terror sexual hitzaldia egongo da eguenean [otsailak 20], 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Hizlaria Nerea Barjola Ramos santurtziarra izango da, eta hitzaldia gaztelaniaz eskainiko duela esan du. Militante feminista izateaz gain, Barjola Doktorea da Feminismoak eta generoan. Bere ikasketa amaierako lana emakumeen kontrako indarkeria sexualen kontakizunen inguruko erreflexioan oinarritu zen. Eta, alor horretan, Alcasserko (Valentzia, Espainia) hilketen auzia erabili zuen adibidetzat. «Besteak beste, patriarkatuak Alcasserko auzia baliatu zuen emakumeei muga berriak ezartzeko: gauez emakumeok bakarrik ez ibiltzea, bakarrik ez bidaiatzea, auto-stop bakarrik ez egitea… Gertakari hura baliatu zuten ordura arte emakumeentzako espazio askeak zirenak mugatzeko».
Alcasserko auzia, baina, boterearen mikrofisika sexista deritzonak nola funtzionatzen duen azaltzeko adibide bat baino ez dela dio. «Botereak arrisku sexualaren kontakizuna tresna eraginkor bezala bilakatzen du». Emaitza hori kontakizuna nola egiten denaren araberakoa dela dio. «Beldurragaz jokatuz, mezu horiek gizartean txertatzen dira, modu oso sotilean».
Barjolak Microfisica sexista del poder liburuan jaso du hori guztia. «Alcasserko auziaren moduko kontakizunak ikuspegi feminista batetik aztertzen ditut. Liburuaren helburua da arrisku sexuala termino politikoetan kokatzea, izuaren limiteetatik kanpo».